Herriko auzo-konposta guneak berritu dituzte
2022·01·26
Anoetako Udalak herriko auzo-konposta guneak berritu ditu eta, guztira, 34.000 euroko inbertsioa egin du. Herriko konposta-guneak 2013. urtean jarri ziren martxan; orduan, egurrezko etxolak jarri ziren eta horietan oso kalitate oneko konposta lortu bada ere, egoera kaxkarrean zeudelako aldatu dituzte. Oraingoan, Vermican enpresaren plastiko birziklatuko konpostagailuak jarri dira.
Udalaren kalkuluen arabera, Anoetako 252 familiak egiten dute konposta. Horietatik %75ak herriko auzo-konposta guneetan hartzen du parte, eta beste %25ak landa eremuko bakarkako konpostagailuetan. Urtean 56.000 kilo inguru konpostatzen direla kalkulatzen da, beraz, herrian sortzen den -organiko guztiaren %27 bertan geratzen da. Konposta-organiko kilo horiek hondakinen tratamendu-zentroan kudeatzeak 8.622 euroko gastua izango luke.
Peio Estanga alkateak azaldu du Udalarentzat garrantzitsua dela klima larrialdiaren garai hauetan trantsizio ekologikorako ekimenak bultzatzea: “Ekonomia zirkularraren eredu argienetakoa dugu herriko konpostaren proiektua. Hondakin organikoak konpost bihurtzean lurraren ongarri bihurtzen dira eta herriko lorategiak ongarritzeko erabiltzen ditugu”. Horrez gain, herriko zuhaitzak kimatzen direnean adar horiek txikitu eta konpostaren egituratzaile gisa erabiltzen dituzte; eta behin konposta heltzen denean, lorategiak ongarritzeko erabiltzen dute.
Aurrera begira
Datozen hilabeteetan ere proiektua indartzeko hainbat ekimen egitea aurreikusten dute, besteak beste, datozen urteetan herrian konpostatzen den organikoa zenbat ugaritu daitekeen aztertuko da eta sentsibilizazio ekintzak ere egingo dira.
Oraindik erabiltzailea ez den herritarren batek interesik izango balu, Udaleko Ingurumen Sailarekin jarri beharko luke harremanetan. Bertan azalduko dizkiote zein den herritar bakoitzari egokien datorkion konpostagunea eta zein diren jarraitu beharreko irizpideak.