Herri-bideen inbentarioa onartuta, lursailen mugak geolokalizatzeko asmoa du udalak
2022·06·02
Joan den urtean hasi ziren Anoetako herri-bideen inbentarioa osatzen, eta aste honetan onartu dute behin-betiko inbentarioa. Behin-behineko proposamena irekita izan dute herritarrek, eta ekarpenak jaso ondoren onartu dute behin-betikoa.
Pello Estanga Anoetako alkatea asebeteta azaldu da herritarren erantzunarekin: “Gutuna jaso duten herritarren erdia etorri da behin-behineko proposamena ikustera; eta interesa duten seinale da hori”. Inbentarioa abiapuntua izango da, behin hori eginda, udalak tresna bat gehiago baitu herri-bideak ordenatzeko eta erabilera zein mantenua erabakitzeko.
Etorkizunera begira zabalik dago aukera bide berriak sortzeko, eta baita zaharrak berreskuratzeko ere; horren adibide da, urteetan galduta egon ondoren, joan den astean sasiak kenduta berreskuratu zuten Anoeta-Hernialde-Alkiza herri-bidea.
Zehaztasuna helburu
Lursailen geolokalizatzeko prozesua martxan jartzeko asmoa du Udalak. Herri-bideen inbentarioa egitearekin batera, lurraldearen kudeaketarako tresna eraginkorra izango da herriko lursail guztien mugak geolokalizatzea. Hainbat onura ditu egitasmoak, kasurako, jabe bakoitzak lurraldearen mugak zehaztasunez ezagutzea, belaunaldi artean jakintzaren transmisioa bermatzea eta katastroa eguneratzea.
Lanketa egiteko esleipen prozesua martxan jarriko du udalak, eta horretarako 48.400 euroko inbertsioa egingo da. Era berean, lanketa egiteko 10.000 euroko dirulaguntza jasoko du udalak Gipuzkoako Foru Aldunditik.