Hamarretik zazpi elkarrizketa euskaraz dira Anoetako kaleetan
2022·07·21
Hizkuntzen kaleko erabilera neurtu da Anoetan, bosgarren aldiz. Euskararen erabilera %72koa da, 2001ean egin zen lehen neurketan baino 12 puntu altuagoa. 24 urtez azpiko umeek eta gazteek egiten dute euskaraz gehien Anoetako kaleetan, eta nabarmen atzerago dago 45 urtetik gorakoen erabilera.
Zenbat euskara entzuten da Anoetako kaleetan? Hizkuntzen erabilerari buruzko neurketa egin da bosgarren aldiz herrian, Soziolinguistika Klusterraren eskutik, eta hau da ondorioa: kalean entzuten diren elkarrizketen %72,6 dira euskaraz, %23,5 gaztelaniaz eta %3,9 beste hizkuntza batzuetan. 2001ean egin zen lehen neurketa, eta izan dira aldaketa batzuk ordutik: euskararen erabilera 12 puntu igo da, beste hizkuntza batzuen erabilera ere igo egin da; gaztelaniarena, berriz, jaitsi egin da.
Kale neurketa iazko urrian egin zen Anoetan, Soziolinguistika Klusterraren bidez. Nola? Klusterreko kideak herriko kaleetan ibili ziren, paseoan, eta, jendea hizketan entzun ahala, datu hauek apuntatu zituzten aplikazioan: hiztunen sexua, adina eta zein hizkuntzatan ari ziren. Emaitzak fidagarriak izan daitezen, elkarrizketa asko jaso behar dira, eta lagin oso handia bildu da Anoetan: 813 solasaldi eta 2.404 solaskide.
Anoetan ez ezik, beste 93 udalerritan ere neurtu da kaleko erabilera, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak argitaratu ditu emaitzak. Oro har, 2017ko berbera izan da euskararen erabilera UEMAko udalerrietan, baina bi aldeko txanpona erakutsi dute datuek: udalerririk euskaldunenetan, arnasguneetan, jaitsi egin da euskararen erabilera (Altzon edo Leaburun, adibidez); arnasgune ez diren herrietan, udalerri handiagoetan, igo (Anoetan eta Villabonan, adibidez).
Adinaren araberako aldeak
Erabilera adin taldearen arabera aztertuta, diferentzia nabarmenak daude. Euskal Herrian hau izan ohi da joera: zenbat eta gazteago, erabilera handiagoa. Hori erabat betetzen da Anoetan: umeek (2-14 urte) dute erabilerarik handiena %87koa, gazteek (15-24 urte) %80koa eta heldu gazteak (25-39 urte) ondoren %75ekoa; heldu nagusietan (40-64 urte) eta adinekoetan (65 urtetik gora) askoz apalagoak dira ehuneko horiek. Bi adin talde horietan bitik batek egiten du euskaraz.
Adin talde bakoitzaren bilakaerari erreparatzen bazaio, zera da ondorioa: adin talde guztietan izan da gorako joera, umeena igoera handiena.
Bestetik, oso deigarria da umeen presentziak helduen erabileran duen eragina: umeak aurrean daudenean gehiago egiten da euskaraz, helduak soilik daudenean baino; 20 puntu egiten du gora.
Nola interpretatu
Euskararen erabilera %72koa da, beraz, Anoetako kaleetan. Asko ala gutxi da hori? Kontuan hartu behar da zein den herriko egoera soziolinguistikoa. 2016ko azken datuen arabera, anoetarren %72k dakite euskaraz, eta etxean %43koa da erabilera. Datu horiekin konparatuta, ez da txikia Anoetako kaleetako erabilera.
Datu horiek interpretatzean kontuan hartu behar da aldagai bat: kalean dabiltzanen jarduna neurtzen du behaketa honek. Beraz, gerta daiteke herriko bizilagun batzuk behatu ez izana, ez dutelako bizimodurik egiten herriko kaleetan, eta, aldi berean, gerta daiteke Anoetakoak ez diren herritar batzuk ere sartu izana neurketan, behaketa egiteko garaian herrian zebiltzalako (plazan, paseoan…). Hortaz, kaleko erabileraren datuak hau esan nahi du: Anoetako kaleetan zenbat euskara entzuten den, hizketan ari direnak anoetarrak edo bisitariak izan.
Txosten osoa irakurri nahi duenak eskuragarri du hemen.