Albisteak
Atzealdea

Gaikako bilketa hamar puntu igo da errefusa berriro atez ate biltzen hasi direnetik

Errefusa atez ate biltzera bueltatuta, Martxoan hondakinen %72,55 bildu zituzten gaika; otsailean, berriz, %62,41 edukiontzi-sistemarekin.

2021·05·05


Anoetan hamar puntu igo da gaikako bilketa errefusa atez ate biltzera itzuli direnetik: otsailean hondakinen %62,41 bildu zen gaika edukiontzi-sistemarekin; martxoan, berriz, %72,55era igo da gaikako bilketa errefusa atez ate jasotzearekin. Gainera, kontuan hartu behar da kopuru horietan ez dela sartzen konposta komunitarioetako hondakin organikoa; eta ez hori bakarrik, Anoetan biltzen den hondakin organikoaren karakterizazio maila oso ona da, hau da, organikoarekin batera biltzen den hondakin desegokia %2 baino ez da.

Bilketa-datuek emaitza onak adierazten badituzte ere, Anoetako Pello Estanga alkateak kezka eta haserrea adierazi ditu lurrean eta behar bezala sailkatu gabe agertzen diren zabor-poltsengatik: “Lurrean uzten dituzten poltsak errespetu-falta bat dira bizilagunekiko, are gehiago, arriskutsuak dira osasunarentzat; hori gutxi ez eta, poltsa horiek biltzeak 10.000 euroko kostua du urtean”. Bide beretik, gehitu du jarrera horrekin suminduta daudela herritarrak ere.

Aurretik egin dituzte saiakerak kontzientziatzeko zabor-poltsak lurrean uzten dituen jendea, besteak beste, kontzientziazio- zein informazio-kanpainak; baita pedagogia ariketak ere: zenbait herritarri banaka azaldu dizkiete zabor-poltsak lurrean uztearen ondorio kaltegarriak.

Uneoro helburu izan dute zabor-poltsak lurrean uzten dituzten herritarrek kontzientzia hartzea egiten duten hori kaltegarria dela ulertzeko, baina ez dute jarrera gelditzea lortu. Hori dela eta, Udalak adierazi du hemendik aurrera isunak jartzen hasiko dela zabor-poltsak lurrean uzten dituztenei. Isun horiek 90,10€ eta 45.000€ artekoak izango dira Tolosaldeko Mankomunitatea osatzen duten udalen eremuan hondakinak bildu eta tratatzeko ordenantzaren arabera.