Euskara Anoetan. Hausnartze prozesua indartsu hasi da
2017·11·06
Azaroaren 4an egin genuen Anoetako herritarrekin hausnartze prozesuko lehen saioa. Helburu nagusiak argi genituen: euskarak herrian duen egoera aztertzea eta erronka berriak zein diren zehaztea. Guztira 26 herritarrek hartu genuen parte.
Lehen saioan bi galdera nagusiri erantzuten saiatu ginen:
- Gure herrian euskararekin gertatzen ari dena, gure herrian bakarrik ari al da gertatzen?
- Udalerri euskaldun askotan antzeko joerak ari dira azaltzen. Zergatik?
Saioaren hasieran, Soziolinguistikari lotutako azalpen teoriko txiki bat eman zigun UEMAko Goizane Aranak, Euskal Herriko zein Anoetako euskararen bilakaera eta egoera hobeto ulertzeko. Ondoren, bertaratutako herritarrak izan ginen protagonista: hainbat dinamiken bidez, herriko egoeraren diagnostikoa egin genuen; parte hartzaileon bizipenetik eta ezagutzatik abiatuta, inguruan topatzen ditugun indargune eta ahulgune nagusiak identifikatu genituen eta, horrekin, euskaldunen eguneroko bizitzan aurki daitezkeen egoeren gaineko diagnostikoa egin genuen.
Aipatu behar dugu Ikastolako gaztetxoek, UEMAren laguntzarekin, hausnarketa saio bat egina dutela, garrantzitsua baita beraien iritzi eta pertzepzioak jasotzea. Bertan bildutako ideia nagusiak helduen bigarren saioan kontuan izango dira.
Bigarren saioa azaroaren 18an izango da, goizeko 10:30ean, eta beste galdera hauen erantzunak bilatzen saiatuko gara:
- Zer egin beharko litzateke euskararen erabilera areagotzeko?
- Eta guk zer egin dezakegu?
Bigarren saio horretan aurrera begirako pausoez hitz egingo dugu. Guztion artean erabakiko dugu lehentasunezko urratsak non eman behar diren eta aukeratutako eremu horietan zer egin daitekeen. Horretarako, ibilbide orri bat markatuko dugu eta aurrera begirako pauso nagusiak zehaztuko ditugu. Bukatzeko, erronkari erantzuteko zein baliabide dauden aztertuko dugu, baita zein indar eta gogo dagoen ere.
Guztion iritziek eta ekarpenek dute garrantzia euskarari buruz ari garelarik, beraz, espero dezagun bigarren saioan ere parte-hartzea jendetsua izatea.