Euskal kulturgintzako eragileen grebarekin Udalaren atxikipena
2020·04·21
Euskal kulturgintzako hainbat eragilek gaur eta bihar martxan jarri duten greba digitalarekin atxikipena adierazi nahi du Anoetako Udalak. "Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara" lemapean kultur edukien sareko mugimenduak geratzeko egitasmoa da.
Kultur sorkuntzan aritzen diren eragileek martxan jarri dute egitasmo hau, gaur eta bihar Interneten kultur edukirik ez partekatzeko deia eginez. Izan ere, pandemiaren eraginez ezarri den herritarren itxialdi egoerak sortzaile askoren emanaldiak bertan behera geratzea ekarri du, eta berez egoera prekarioa bizi dutenez, larrialdi egoerak areagotu besterik ez duela egin esan dute. Sektorearentzako neurri espezifikoak hartzeko deia egin diete erakunde publikoei, euskal kulturgintzaren biziraupena bermatuko bada.
Anoetako Udalak, bere aldetik gaur eta bihar kultura edukirik ez zabaltzeko erabakiaz gain, hemendik aurrera euskal kulturaren sorkuntzen sustapenean jarraitzeko bere ahalegina egingo duela adierazi nahi du.