Albisteak
Atzealdea

Etzi bilduko da udala Errotaldeako auzotarrekin irisgarritasun proiektuari buruz hitz egiteko

Ostegunean (hilaren 20an) izango da bilera, 18:00etan, udaletxeko bilkura-aretoan.

2022·01·18


Etzi (hilaren 20an) bilduko da udala Errotaldea auzoko herritarrekin irisgarritasuna hobetzeko proiektuaren inguruan hitz egiteko. Kasu honetan ere, helburuetako bat da bizilagunei xehetasunez azaltzea haien kaleetako irisgarritasun-proiektuaren proposamena; eta behin ezaugarriak eta xehetasunak azalduta, herritarrek aukera izango dute iritziak, zalantzak zein ekarpenak aurkezteko.

Bilkuran izango dira, oraingoan ere, Peio Estanga alkatea, udal teknikariak, Aztikerreko langileak eta Endara enpresako langileak, zeinak lanen aurre-proiektua egin duten.

Partehartzea, martxan

Osteguneko bilera partehartze-prozesuko bigarrena izango da; lehena joan den astean egin zuten Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetako auzotarrekin. Lehen bilera hartan, guztira, 26 auzotar bildu ziren eta hainbat ekarpen zein iritzi elkarbanatu zituzten.

Estangak adierazi du gustura aritu zela auzotarren iritzia entzuten, eta pozgarria dela herritarrek horrelako bileretan parte hartzeko borondatea izatea: “Oso aberasgarria da proiektuak martxan jarri aurretik herritarrekin biltzea, aukera ematen baitu proiektu egokiagoak gauzatzeko”.  Auzo bakoitzarekin bina bilera egitea aurreikusten du udalak, eta dagoeneko jarri dute bigarren bilera Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetako auzotarrekin: otsailaren 24an egingo dute.