Albisteak
Atzealdea

Errenta aitorpena euskaraz

Aurten ere, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du Anoetako Udalak, UEMArekin elkarlanean

2017·04·24


Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren udalekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian aurten ere.

Kanpaina berri honekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dugu. Bide horretan, errenta aitorpena euskaraz eginda euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da. Hizkuntzaren normalizazioa lortzeko euskara eremu guztietara hedatu behar da, eta horretarako, garrantzitsua da herritarrek euskaraz osotasunean bizitzeko hautua egitea. Udalerri euskaldunetako herritarrok eredu eta aitzindariak izan gaitezke horretan.

Ohi bezala, aurten ere, errentaren gaineko aitorpena egiterakoan, zergadunek hainbat bide dituzte euskaraz egiteko, eta oso modu errazean gainera: lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, hau da, euskaraz egiteko ez dago inolako zailtasunik.

Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak. Euskararen normalizaziorako bidean ematen ari garen beste pauso bat da hau. Baina, pauso handia eta sendoa izan dadin, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da. Euskarak merezi duen lekua izan dezan egunero behar baitu gu guztion zaintza.