EH Bildu eta EAJren arteko akordioa errefusaren edukiontziaz
2020·07·14
Gaur goizean, errefusaren edukiontziaren inguruan EH Bildu eta EAJ-ren arteko akordioaren berri eman dugu Udaletxean. Datozen egunetan, herritarrei etxeetan banatuko zaie honen berri. Akordioaren berri emateko, Pello Estanga Alkatea eta Aitzol Esnaola Ingurumen Zinegotzia izan dira EH Bildu alderditik eta EAJ alderditik, berriz, Agurtzane Nuñez eta Rafael Uribarrenek hartu dute parte. Aspektu teknikoen azalpenak egiteko, Maddi Sarasola Ingurumen Teknikariak hitz egin du.
Martxoan, COVID 19ak eragindako alarma egoeraren ondorioz, hondakinen bilketan hainbat aldaketa egin ziren. Kutsatuta edo berrogeialdian zeuden etxeetan ez birziklatzeko agindua zutenez eta errefusa biltzen duten biltzaileen segurtasuna bermatu asmoz, errefusaren edukiontziak jarri ziren.
2020. urtea %74,05eko gaikako bilketarekin hasi genuen, baina apirilean eta maiatzean, azken urteetako emaitzarik baxuenak izan ditugu:
Urtarrila | Otsaila | Martxoa | Apirila | Maiatza |
%74,05 | %72,27 | %71,51 | %61,34 | %62,97 |
Behin alarma egoera amaituta, Anoetako Udala osatzen dugun EHBildu eta EAJ alderdiek honakoa adierazi nahi dugu:
-
Gaikako bilketaren azken bi hilabeteetako datuak ez direla onak eta honek kezka sortzen digula.
-
Ahalik eta daturik onenak lortzea dela guztion helburua eta helburu hori lortu ahal izateko konpromisoa hartu behar duela Udalak eta baita herritar bakoitzak ere.
-
Zazpi urte hauetan, kalean zabor-poltsak uzteko joera egonkortu egin dela eta honek elkarbizitza, garbitasun eta osasun arazoak ekarri dituela.
-
Azken urteetan gaikako bilketaren datuak onak izan direla eta datu horiei eutsi eta hobetzeak izan behar duela guztion helburua.
-
Behar ez den lekuan eta behar bezala sailkatu gabe agertzen diren zabor poltsa horiek desagerraraztea lehentasunezkoa dela. Pandemiaren garaian, gehienak desagertu diren arren, ez direla guztiz desagertu.
Beraz, goian azaldutako arrazoi horiez gain, uste dugu mundu mailako pandemia honek begi bistan utzi digula gure osasuna guztiz lotuta dagoela planetaren osasunarekin eta horrek Udal bezala dagozkigun neurriak hartzera eraman behar gaituela. Baina, bestalde, bizi izan dugun salbuespen egoera honek hondakinen gaiarekin sortu izan diren elkarbizitza eta osasun arazoak bideratzeko aukera eman digula uste dugu. Horregatik, Anoetako Udala osatzen dugun EHBildu eta EAJ alderdiek honakoa adostu dugu:
-
Errefusaren edukiontziekin jarraitzea beste sei hilabetez, 2020ko abendua bitarte.
-
Sei hilabete horietan hondakinen sentsibilizazio kanpainak indartzea eta jarraipen zorrotza egitea. Alde batetik, edukiontzietako hondakinak behar bezala sailkatuta dauden jakiteko azterketak egitea. Bestetik, tokiz kanpo agertzen diren poltsei zuzeneko jarraipena egitea.
-
Errefusaren edukiontziak jarrita gaikako bilketaren datuak okertzen badira (orain arteko bataz bestekoa %74koa da), berriz ere, errefusa atez ate biltzera bueltatuko gara. Izan ere, gaikako bilketan ahalik eta emaitzarik onenak lortzea da guztion helburua.
GUZTION OSASUNA DAGO JOKOAN, ARDURAZ JOKATU DEZAGUN