Albisteak
Atzealdea

Dagoeneko martxan da udaleko garbitzaile elektrikoa

Azken urteetan, herria hazten joan den heinean, handitu egin da kaleak garbitzeko lana, eta behar horri erantzuteko erosi da garbitzaile elektrikoa.

2022·02·09


Anoetako Udalak garbitzaile elektriko bat erosi du kaleko garbiketa-lanak hobetzeko. Azken urteetan, herria hazten joan den heinean, handitu egin da kaleak garbitzeko lana, eta behar horri erantzuteko erosi da garbitzailea. Udalak, guztira, 181.258 euroko inbertsioa egin du, eta hornidura Arrizabal Elkartea enpresari esleitu zaio.

Inbertsio horrekin ingurumenarekin duen konpromisoa berretsi du udalak, izan ere, modu bikoitzean erantzuten die garbitzaileak lortu nahi diren helburuei: batetik, herriko kaleak modu eraginkorrago batean garbitzea ahalbidetuko du eta, horrela, zabor barreiatu kopurua jaitsiko da; bestetik, garbitzailea erabat elektrikoa izateak murriztu egiten du erregai fosilen erabilera eta jasangarriagoa da ingurugiroarekiko; zortzi eta hamar ordu arteko autonomia du.

Udalarentzat oso garrantzitsua da klima larrialdiaren garai hauetan trantsizio ekologikorako ekimenak bultzatzea. Proiektu eta neurri eraginkorrak bultzatzen ditugu, eta horietako bat da hau. Udalak ingurumena zaintzeko egin dituen egitasmoetako beste batzuk dira konposta-guneak berritzea, Hileko osasuntsua kanpaina eta baratze-parkea hedatzea.