Albisteak
Atzealdea

Bihar bilduko da udala auzotarrekin irisgarritasun proiektuari buruz hitz egiteko

Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetako bizilagunekin izango da bilera, 18:00etan, udaletxean.

2022·01·12


Bihar (hilaren 13an) bilduko da udala Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetako herritarrekin irisgarritasuna hobetzeko proiektuaren inguruan hitz egiteko. Bileraren helburuetako bat da bizilagunei xehetasunez azaltzea haien kaleetako irisgarritasun-proiektuaren proposamena; eta behin proposamenaren ezaugarriak eta xehetasunak azalduta, herritarrek aukera izango dute euren iritziak, zalantzak zein ekarpenak aurkezteko.

Bilera horrek jarriko du martxan partehartze-prozesua, eta ekimena Aztiker – Soziologia Ikerguneak gidatuko du. Bilkuran izango dira Pello Estanga alkatea, udal teknikariak eta Aztikerreko langileak. Irisgarritasuna hobetzeko lanen aurre-proiektua Endara enpresak egingo du, eta haien ordezkari bat ere joango da bilerara.

Estangak nabarmendu du garrantzitsua dela oso herritarren iritzia jakitea edozein proiektu martxan jarri aurretik: “Auzotarrekin bilduta euren iritzia jakin dezakegu eta hori kontuan hartuta diseinatu egingo duguna. Herritarrekin biltzea ohitura bihurtu du Anoetako udalak, eta hori oso aberasgarria da guztiontzat”. Kale horietako bizilagunekin bi bilera egitea aurreikusten du alkateak: lehen saioan proiektua azalduko dute eta haren inguruan arituko dira, horrez gain, herritarrek aurrez prestatutako galdetegi bat ere jasoko dute, etxean erantzuteko; bigarren saioan, berriz, galdetegi hori abiapuntu hartuta jasoko dituzte ekarpenak.

Galdetegia Internetez betetzeko egin klik hemen