Albisteak
Atzealdea

Hurrengo fasean da 'KUBO KLIK' kanpaina

Aste honetan herritarren etxeetara lanketa berriaren informazioa banatu da eta, ondoren, kuboen mugimendurik ez duten etxeetara eskutitzak bidaliko dira.

2022·11·25


Anoetako Udalak apirilean aurkeztu zuen ‘KUBLO KLIK’ kanpaina, eta geroztik elkarlanean aritu da Tolosaldeako Mankomunitatearen datu basea egokitzen. Barruko lanak eginda, aste honetan herritarren etxeetara lanketa berriaren informazioa banatu da eta, ondoren, kuboen mugimendurik ez duten etxeetara eskutitzak bidaliko dira.

Anoetako hondakinen %75 gaika sailkatuta biltzen da eta, gainera, herrian sortzen den organikoaren %27 bertan konpostatzen da. Hobetu daitezkeen arren, datu onak dira eta Anoeta bide onean den seinale dira. Kezkatuta agertu da, ordea, Aitzol Esnaola ingurumen zinegotzia: “Baina, lurrean behar bezala sailkatu gabe agertzen diren zabor-poltsak ezinegona sortzen jarraitzen dute. Horregatik, kanpaina berri honen helburu nagusiena horiek murriztera bideratuta dago”.

2013tik hona hainbat sentsibilizazio ekintza egin dira, baina, hala ere, lurrean hondakin asko pilatzen da, herritarren egunerokotasuna eta osasuna oztopatuz. Horregatik, gaikako bilketa indartzeko mekanismo berritzaileak bultzatzeko apustua egin nahi da. Herritarrek hondakinak ateratzeko erabiltzen dituzten kuboek txip bat dute eta hori irakurriz jakin daiteke zein etxek erabiltzen dituen ontziak.

Aurrera begirako neurriak

Aurrez aipatutako guztiagatik, jarraipen mekanismoak jarri nahi dira martxan, kontrola bermatu eta hondakinen tasak kontrol honen araberakoak izan daitezen. Alde batetik, sistema behar bezala erabiltzen dutenak eta konposta egiten dutenak saritu nahi dira; eta, bestetik, sistema erabiltzen ez dutenei tasak garestituko zaizkie. Azken horien jokabideak bilketa garestitzeaz gain, elkarbizitza ere oztopatzen dutela ulertuta, gehien kutsatzen dutenek gehiago ordaintzea da asmoa.

Kanpaina honetan zehar, herritarrei aktiboki parte hartzea eskatzen die Udalak eta gutunak edo deiak jasotzen badituzte beharrezko informazioa jakinaraztea. Horretarako, ahalegin berezia egin da eta, lehen aldiz, kanpaina bost hizkuntzetan egin da: euskaraz, gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta arabieraz.

Kanpaina honen bidez Anoetako Udalak urrats kualitatibo bat eman nahi du. Bizi dugun klima-larrialdiak herri mailako politiketan ere eragitea eskatzen du. Hin zuzen, uste berekoa da Esnaola: “2013tik hona hondakinak behar bezala sailkatzeko ahalegina egiten duten herritar horiei ere errespetua zor zaie eta kutsatzen jarraitzea erabakitzen dutenek ordaindu dezatela. Izan ere, kutsatzea ez da eskubidea, ingurune garbian bizitzea, ordea, bai”.