Albisteak
Atzealdea

Aurten ere, errenta-aitorpena euskaraz

Herritarren aukera da euskara aukeratzea errenta aitorpena egiteko orduan, eta horretarako deia egiten dugu.

2022·04·04


Dagoeneko hasi da errenta-aitorpena egiteko kanpaina, eta Anoetako Udalak euskaraz egiteko kanpaina jarri du martxan aurten ere. Kanpaina honekin herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izatea bultzatu nahi dugu. Izan ere, errenta-aitorpena euskaraz eginda administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen dugu.

Errenta-aitorpena egiteko hainbat modu daude eta euskararen aldeko aukera egitea da kanpaina honekin bultzatu nahi duguna. Etxeetara bidali duten autolikidazio-proposamena onartu behar badugu, harremanetarako hizkuntza aukeratzeko eskatuko digute; hitzordua hartuta aitorpen mekanizatua egin behar badugu, hasieratik esan dezakegu errenta euskaraz egin nahi dugula. Nola egin Foru Ogasunarekiko euskarazko hizkuntza hautua? Argibideak irakurtzeko egin klik hemen

Anoetako Udaletik herritar guztiak animatu nahi ditugu errenta-aitorpena euskaraz egitera. Urtetik urtera gero eta gehiago gara aitorpena euskaraz egiten dugunak. 

Azalpen gehiago behar izanez gero, udaletxeko euskara-zerbitzuarekin jar zaitezkete harremanetan, udaletxeko telefonora deituta (943 651200) edo e-mailez (euskara@anoeta.eus).