Albisteak
Atzealdea

Ateak zabaldu ditu ‘Irakin’ proiektuak, kiroldegiko sukalde berriak

Udalak 71.010 euroko inbertsioa egin du gunea egokitzeko.

2022·09·22


Dagoeneko martxan dago Abraham Olano kiroldegiko sukalde berria. Duela hilabete batzuk irabazi zuen kiroldegian sukaldea jartzeko esleipena Iñigo Estanga herritarraren Irakin proiektuak, eta aste honetan zabaldu ditu ateak. Gune berri honetan janaria prestatu, ontziratu eta saldu egingo dute, eta litekeena da banaketa ere egitea.

Ekimen honen bidez, tokiko elikadura ardatz duen gunea sortu nahi izan du Anoetako Udalak. Proiektu berritzailea da, egokituta baitago egungo kontsumo ohituretara eta beharretara. Herriko ekonomian eragitea, lanpostu zuzenak sortzea eta tokiko elikadura katea indartzea dira, besteak beste, proiektuaren helburuak.

Bost urterako (bi urte luzagarrirekin) esleitu zaio zerbitzua Irakin proiektuari, eta aurrez aipatutako helburuak lortzeko hainbat baldintza bete beharko ditu: lehen hiru urteetan produktuen %60a 150 km-ko erradioan ekoitzia izan beharko du (Euskal Herriko zazpi lurraldeak hartzen ditu erradio honek); hirugarren urtetik aurrera erabilerak %75ekoa izan beharko du, eta produktuen %10 eskualdekoa izan beharko da. Honez gain, proiektuaren esleipen prozesuan tokiko elikagai ekologikoen erabileran azpimarra jarri zen.

Gunearen egokitzapenerako 71.010 euroko inbertsioa egin du udalak; eta proiektuak 39.225,82€ko dirulaguntza jaso du Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapen sailetik. Horrez gain, beste dirulaguntza batzuetara ere aurkeztu da proiektua, eta finantzaketarako ekarpen gehiago lortzea aurreikusten da.