Albisteak
Atzealdea

Arrazakeria eta xenofobiaren aurkako jarrera berretsi da azken plenoan

Astelehenean ospatutako udalaren osoko bilkuran, Zurrumurruen Aurkako Sarearen mozioa onartu zen

2017·03·31


Asteleheneko udalaren osoko bilkuran, Zas! (Zurrumurruen aurkako sarea)en mozioa onartu genuen, arrazakeria eta xenofobiaren aurka gure jarrera berretsiz.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak martxoaren 21ean ospatzen du Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta estatu-kideei eskatzen die ekintza-planak abiarazi ditzaten, arrazakeria eta apartheida ezabatzeko. UNESCOko zuzendari nagusiak 2017an zabaldutako mezuak gogorarazten digu arrazakeriak gizabanakoak eta gizartea hondatzen dituen pozoia dela, ezberdintasunak iraunarazten dituela, eta haserrea, amorrua eta indarkeria bultzatzen dituela. Krisi ekonomikoa eta ziurgabetasun soziala ezaugarri duten garaiotan, erraza da “bestea” erruduntzat hartzea, eta arraza-diskriminazioa tentazio arriskutsua bihurtzen da, zeina gorrotoaren artisauek ondo aprobetxatzen dakiten.

Anoetako Udala, ZAS! Zurrumurruen Aurkako Sarearen parte izanik, aditzera eman nahi dugu konpromisoa hartu dugula dauden prozedura eta mekanismo guztiak sustatu eta abian jartzeko, xenofobia- eta diskriminazio-ereduak −sotilak eta agerikoak, ala ez hainbeste− sustatu nahi dituzten proposamen politiko eta diskurtsoak ahultzeko. Adierazpen eta diskurtso horiek ez dira gure izenean egingo, ez eta erakundeen izenean ere.

Ikusirik politika xenofoboek zenbateraino egin duten aurrera Europan eta mundu-mailan, berretsi nahi dugu gure konpromisoa; hots, inpunitate-dinamikak galaraztearena baiezko demokratiko eta irmo baten bidez, ez daitezen gobernura iritsi. Giza eskubideek lehentasuna dute, eta eskuratu ditugun gobernu-moldeek barne hartu behar dituzte; horretarako, beharrezkoa da erakundeek irmoki uko egitea xenofobiari eta arrazakeriari. 

Hemen, mozioa osorik.