Albisteak
Atzealdea

Hondakinen gaian, helburuak eta batera aritzea adostu dute

Martxoaren 1etik aurrera, berriz ere, errefusa atez ate bilduko da Anoetan.

2021·01·22


Anoetako Udala osatzen duten EH Bilduk eta EAJk akordioa lortu dute errefusa, berriro, atez ate jasotzen hasteko. Horrez gain, beste hainbat helburu ere finkatu dituzte 2021era begira: %75eko gaikako zabor-bilketa datuak lortzea, gutxienez; Hondakinen jarraipen batzordea sortzea, hamabostean behin elkartzeko; eta kaleko zabor-poltsak desagerraraztea.

Joan den martxoan, Covid-19ak eragindako alarma egoeraren ondorioz, errefusa edukiontzi bidez biltzen hasi ziren Anoetan. Konfinamendua amaitu ostean, Udala osatzen duten EH Bilduk eta EAJk adostu zuten proba egitea eta beste sei hilabetez errefusa edukiontzi bidez jasotzen jarraitzea. Probaldiaren helburuak ziren, alde batetik, lurrean zabor poltsak uzteko joera egonkortuarekin bukatzea eta honek elkarbizitza eta osasunean dituen arazoekin amaitzea; eta bestetik, ikustea ea herritarrak gai ziren errefusa edukiontzi bidez bilduta, 2020. urte hasierako %74ko gaikako bilketa datuetara iristea. Emaitzek, ordea, okerrera egin dute eta errefusa atez ate biltzera itzultzea adostu dute bi alderdiek.

Probaldiaren ondorioak

Sei hilabeteko probaren ondoren hainbat ondorio atera ditu Udalak. Errefusa kopuruak nabarmen egin du gora eta datuak ez dira batere onak. Martxoan gaikako bilketa %71,51ekoa zen; apirilean, berriz, %61,34era jaitsi zen. Gainera, edukiontziak jartzeak lurreko poltsak gutxitu zituen, baina ez dira guztiz desagertu. Kontrolik gabeko errefusa bilketak, beraz, emaitzak okertu ditu eta frogatu du, oraindik ere, gai honetan herritarrak kontzientziatzen jarraitzeko lan handia dagoela. Hori horrela, martxoaren 1etik aurrera, berriz ere, errefusa atez ate bilduko da Anoetan, izan ere, gaur gaurkoz, sistema hori da emaitzarik hoberenak eman dituena.

 

Urte osoko gaikako bilketa datuak:

Urtarrila

Otsaila

Martxoa

Apirila

Maiatza

Ekaina

%74,05

%72,27

%71,51

%61,34

%62,97

%66,03

Uztaila

Abuztua

Iraila

Urria

Azaroa

Abendua

%69,36

%67,11

%66,79

%66,22

%59,46

%66,61