Anoetako Udalaren neurriak larrialdi egoeran
2020·04·16
COVID-19 birusaren izurriteak sortutako larrialdi egoera dela eta, herritarren beharrak eta zailtasunak zein diren identifikatu eta horien araberako neurriak hartu dira Anoetako Udalean.
Jarraian bildu ditugu aste hauetan zehar hartutako neurri nagusienak:
SEGURTASUN ETA PREBENTZIO NEURRIAK
1. Kaleak eta etxeetako atari aurreak desinfektatu dira.
2. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak aurpegia babesteko pantailak egin ditu, eta hainbat gunetan banatu ditugu: herriko merkatariei, etxez etxeko zaintzaileei, udal langileei…
ADMINISTRAZIOA
3. Udaletxean, 8.00etatik 14.00etara, 943651200 telefonoan herritarrei ohiko arreta zerbitzua eskaintzen diegu, baita
udala@anoeta.eus helbidearen bidez ere.
4. Herriko merkatariei (jatetxe, taberna, ileapaindegi…) hobariak aplikatuko zaizkie (hondakinak, terrazak…).
GIZARTE ZERBITZUAK
5. Etxetik irten ezin duten herritarrei erosketak etxeetara eramateko udal baliabideak behar ote ziren aztertu zen, baina herriko merkatariek hartu zuten beren gain ardura, egoera honen aurretik ere egiten zuten moduan.
6. Bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako herritarrei telefonoz deitzen ari gara nola dauden jakiteko eta beharrik ba ote duten galdetzeko.
7. Egoera honek indarkeria matxista areagotu dezakeela jakitun, arriskuan dauden emakumeentzat arreta zenbakiaren berri eman da (900840111), baita farmazietako “Maskara-19” ekimenarena ere. Ez daudela bakarrik adierazi nahi diegu eta laguntzeko eskura ditugun bitartekoak jarriko ditugula.
8. Herritarrei Gipuzkoako Psikologia Elkargoaren zerbitzuaren berri eman zaie. Igarotzen ari garen berrogeialdi egoera honek gogo-aldarteetan eragina izan dezake (larritasuna, beldurrak, ziurgabetasuna...) horregatik, 692566160 telefonoan, bolondres diren osasun psikologoen bitartez doako arreta psikologikoa eskaintzen da.
9. Elikagai bankuaren banaketari eutsi zaio eta banaketa indartu da herriko dendetan eskaria eginda. 24 kaxa banatu dira, familia bakoitzarentzat bana. Aurrerantzean ere zuzeneko jarraipena egingo da, behar berezirik sortuz gero egoerari erantzun ahal izateko.
10. Menpekotasuna duten herritarrentzako etxez etxeko zerbitzuarekin ere koordinazioan jarraitzen dugu, babes neurriak betetzen diren jakiteko, baliabideak euren eskura jartzeko eta erabiltzaileen eta zaintzaileen egoera ezagutzeko.
INGURUMENA ETA BASERRIA
11. Errefusa atez ate bildu beharrean, edukiontziak jarri dira. Lurrean uzten diren poltsak gutxitzeko, hauek biltzen dituzten langileen osasuna bermatzeko eta koarentenan eta isolatuta dauden etxeek errefusa kopurua handiagoak sortuko dituztelako hartu da erabakia. Gainerako herritarrei birziklatzearen garrantzia azpimarratu zaie.
12. Isolamenduan edo koarentenan daudenek hondakinak nola sailkatu, irizpideak prestatu dira: ez bereizi sortutako hondakinak eta ondo itxitako poltsa batean sartu (gaixoa zaintzeko erabilitako eskularruak, musuzapiak eta maskarak ere bai), eskularruak erabilita.
Poltsa hori bigarren poltsa batean sartu behar da (manipulatzeko eskularruak barne), eta poltsaratze bikoitz hori, ondo itxita, hirugarren poltsa batean, ondo itxita, etxebizitzan sortutako gainerako hondakinekin. Azkenik, errefusaren edukiontzi grisera botako da.
Etxetik atera ezin dutenei udal langileek jasotzen dizkiete hondakinak.
13. Zuzeneko salmentan aritzen diren herriko ekoizleekin harremanetan jarri gara beraien egoera ezagutzeko. Bestalde, atxikimendua adierazi diogu “Azokak ireki” dinamikari. Herritarrei deia egin diegu bertako baserritarren produktuak kontsumitu ditzaten eta, urte guztian bezala, herriko dendetan ere produktu horiek topatu ditzaketela gogorarazi zaie.
EUSKARA, KULTURA ETA KIROLA
14. UEMAren bidez, herritarren eskura jarri da euskarazko doako online baliabideen zerrenda (ikus-entzunezkoak, kirola egiteko baliabideak, euskarazko mintzapraktika saioak…)
15. Kirola elkarrekin egiteko proposamena luzatu da Abraham Olano Kiroldegitik. Nerearen laguntzarekin, astean bitan eta Skype bidez egin ahalko da. Izena eman edota informatzeko, kirolaetxean@gmail.com-era idatzi beharko da.
Bestetik, herritarren aldetik jaso ditzakegun proposamen edo iradokizunak gustura hartuko ditugula esan nahi dizuegu.
Azkenik, besarkada bat bidali nahi diegu egoera honetan sufritzen ari direnei, zaintza lanetan ari direnei, garbitzaileei, udal langileei, herriko dendariei, baserritarrei, soldatarik gabe geratu direnei eta, nola ez, etxeetan konfinatuta dauden herriko umeei.