Albisteak
Atzealdea

Anoetako Herri Ikastolako estalkia berritu dute

Azken hiru urteetan, guztira, 654.908€ inbertitu ditu Udalak Herri Ikastolaren proiektuan.

2021·03·09


Aste honetan amaitu dituzte Herri Ikastolako estalkia berritzeko lanak. Obra hainbat hilabetez luzatu da eta herriko Udalak 158.059€-ko inbertsioa egin du hori aurrera eramateko. Denbora darama Anoetako Udalak Herri Ikastolaren proiektuaren parte izaten; horren erakusle da 2018an 380.000€ jarri zituela Ikastolaren handitzea eta berritzea egiteko obran.

Itziar Lazkano Ikastolako zuzendariak azaldu du eraikina zaharra zegoela eta beharrezkoak zirela berritze lanak. Aipatu du, baita ere, helburua dela “espazioa egokitzea” erabiltzen duten pedagogiara; eta ez pedagogia moldatzea espazioaren arabera.

Berritze prozesu horretan, 2019-2020 urteetan Herri Ikastolako sarreran estalpe bat jarri behar izan zuten eta Udalak osorik finantzatu zituen lan horiek 116.849€ jarrita. Azken obra, berriz, estalkia berritzea izan da eta aste honetan amaitu dute. Azken hiru urteetan, guztira, 654.908€ inbertitu ditu Udalak Herri Ikastolaren proiektuan.

Pello Estanga herriko alkateak azaldu du urteak daramatzatela proiektuan sinesten: “Konfiantzaren pedagogian sinesten dugu, eta ulertzen dugu beharrezkoa dela denon artean hori babestea eta aurrera eramatea. Azkenean, Ikastolan inbertitzea herrian inbertitzea da”. Ikastolako zuzendariak, berriz, eskerrak eman dizkio Udalari: “Asko eskertzen dugu egindako inbertsioa; asko lagundu gaitu. Udalak konpromiso handia erakutsi du proiektuarekiko eta babes handia jaso du herriaren partetik ere”.