Anoetako adinekoek “oso gustura” eta “estimu handiz” jaso dute bigarren deia
2021·07·08
Lehen itzulian datu eta ondorio esanguratsuak jaso zituztenez, bigarrena egitea erabaki zuten eta bete dituzte aurretik zehaztutako hainbat helburu.
“Dei-zerbitzua jaso duten ia guztiek nabarmendu dute oso eroso sentitu direla eta asko eskertu dutela”, horrela hitz egin du deien inguruan Amaia Beloki Udaleko Gizarte-Zerbitzuetako langileak. Azaldu duenez, elkarrizketak “askoz luzeagoak eta sakonagoak” izan dira; antza, bigarren deia izateak galdera pertsonalagoak egitea erraztu du, erabiltzaileen eskariak zehatzagoak izan dira eta hizketan ere lasaiago aritu dira.
Emaitzak kontuan hartuta, zahartzaro aktiboa sustatu behar dela uste du Pello Estanga Anoetako alkateak: “Ezinbestean zaindu behar dira osasunaren arlo ezberdinak: bai osasun emozionala, eta baita fisikoa ere”. Deien dinamikari esker adinekoen beharrak eta errealitatea hobeto ezagutzen dituztela ere gehitu du, eta horrela errazagoa dela horien araberako proposamenak lantzea.
Telefono-deien dinamika duela hilabete batzuk jarri zuen martxan Anoetako Udalak, eta hainbat helburu zituen: herriko adinekoen egoera gertutik ezagutzea, pertsona horiei udaleko gizarte-zerbitzuen berri ematea eta, behin haien beharrak ezagututa, horiek asetzeko proposamenak egitea. Bigarren deiarekin egiaztatu dute lehen itzulian bi helburu lortu zirela: batetik, adinekoen egoera eta beharrak ezagutu zituen udalak haiei zuzenean galdetuta; eta, bestetik, gizarte-zerbitzuen berri eman zitzaien adinekoei. Beharrei erantzuteko irtenbideei dagokienez, bigarren itzulia lehena bezain aberasgarria izan da, erantzun zehatzek erraztu egin baitute behar horiei erantzuteko egitasmoak lantzea.