Anoetako 35 enpresak euskara sustatzeko konpromisoa hartu dute
2021·03·01
Euskarak bizitzako alor guztiak behar ditu aurrera egiteko eta zalantzarik gabe, lan munduak berebiziko garrantzia du horretan. Anoetak herri izaera euskalduna du eta jakina da bertako enpresa kopurua handia dela. Gure herriko enpresetan euskararen presentzia areagotzeko asmoarekin, hamabi urtetako lana burutu dute Galtzaundi Euskara Taldeak eta Anoetako Udaleko euskara zerbitzuak elkarlanean. 2008tik 2020ra arte, 35 enpresetan egin da euskara sustatzeko lana.
Urtero hamar-bat enpresekin lan egin da euskara indartzeko eta lanketarako enpresak ez dira zoriz aukeratuak izan. Kontuan hartu da enpresa guztiak ezaugarri antzekoak izatea: 50 langile baino gutxiago izatea eta euskararen erabilera areagotzeko programa zehatzik edo ziurtagiririk ez izatea. Enpresei proposamenaren berri eman ondoren, batzuk egitasmoari bide ematea erabaki dute eta beste batzuk ez. Anoetako Udalak sustatuta eta Galtzaundiko teknikarien bitartez, hizkuntza paisaian eta idatzizko eta ahozko barne zein kanpo harremanetan eragin nahi izan da.
Urte hauetako prozesuan ikusi da enpresen ahozko eta eguneroko funtzionamendua euskalduna dela, baina enpresek sarri ez dutela irudi hori kanpotik ematen. Eta horretan, kontzientziazio lan handia egin da, sarri ez baitira kontziente beraien izaera linguistikoa ez dutela kanpora islatzen. Euskararen normalizazioan eragiteko, konpromisoak betetzeko eskakizuna lantzeaz gain, Udalak eskainitako itzulpen zerbitzuaren eskaintza ere burutu da. Zubi lanari esker, zerbitzuaren erabilera areagotzea lortu da eta zalantzak argitzeko bideak erraztu dira. Adierazgarria izan da, enpresa batzuen kasuan, borondate osoz, aldez aurretik zehaztuta zeuden aldagai batzuk euskaldundu izana: marka edo izena edota errotulazioa, esaterako. Enpresa batzuk nahikoa izan dute bultzada txiki bat pauso esanguratsuak emateko.
Mugak ere begi bistan
Burututako bisitetan, ordea, oztopo eta mugak ere aurkitu dira. Izan ere, azken urte hauetan, krisiak gogor jo du lan munduan eta euskararen normalizazioan inbertitzeko dirua falta dela agerian gelditu da. Aldi berean, esku-hartzea mugatu duten elementuekin ere aurkitu da egitasmoa: enpresa batzuk, Euskal Herritik kanpoko bezeroak dituzte eta beste erdaratan lan egiten dute. Oztopoak oztopo, Anoetako enpresek aurrerapausoak eman dituzte urte hauetan. Bakoitzak bere inplikazio mailan, baina era eraginkorrean adostuta hartu dituzte konpromisoak.
Lan munduaren gaia, eskualdeko perspektiban
Bigarren sektorean euskararen egoera lantzeko beharra identifikatua dute Tolosaldeko euskalgintzako eragileek. Beraz, Anoetako lanketa berezitua eskualdeko estrategia bateratuarekin koordinatzeko asmoa dago hemendik aurrera. Horrenbestez, Tolosaldeko Euskararen Mahaiak jarritako helburuen baitan landuko den ekintza planaren bitartez garatuko dira bigarren sektorean euskara indartzeko lanketak hemendik aurrera.
Egitasmoan parte hartu duten enpresen zerrenda:
Aketegi pentsuak
Anoeta karrozeria
Arbaraitz banaketak
Arrospide tailerrak
Aukeran altzariak
Aukeran sukaldeak
Auto-garbiketa
Autoberri tailerrak
Azpiazu Moreno bizitegia
Benta Aldea ardo biltegia
Bizkor System
Enelur
Ergoien SEAT
First Stop SEAT
Focus argazkigintza
FurgoKoodi
Geuk
Goya okelak
Gurdi kooperatiba
Gurutze autoak
Ibarra autoen hornikuntza
IBK bizikletak
Irovi SA Citroen
Itxasi komertziala
Jamai Technical Services
Lanbroa gourmet
Latz tresnak
Mapi grabatuak
Maquinados y Montajes SA
Opel Giauto
Oria elektrizitatea
Peru SL
Rali neurmatikoak
Tarte
Zuriarrain iturgintza