Anoeta eremu gorrian sartu zen atzo, zer esan nahi du horrek?
2021·02·02
Bart Anoetako intzidentzia-tasa ehun milatik 788,18koa zen, hori dela eta herria eremu gorrian sartu da.
Jarraian errespetatu beharreko neurrien azalpena:
- Mugikortasuna.
Aurretik ezarritako herri mailako konfinamendua mantentzen da. Herritarrek ezin izango dute herritik irten, arrazoi justifikaturik izan ezean. Aldameneko herrira ere ezin da joan, mugatuta dago pertsonen sarrera eta irteera udalerriaren mugetatik.
- Ostalaritza.
Gaurtik aurrera, taberna eta jatetxeak itxita egongo dira. Herria eremu gorritik ateratzen den arte, behintzat.
- Erosketak.
Debekatuta dago erosketak egiteko udalerritik ateratzea salbu eta funtsezko erosketa eta zerbitzuetarako; baldin eta herrian horiek ez badaude.
- Kirola.
Maila profesional edo erdi-profesionaletako taldeen entrenamenduak eta lehiaketak mantendu daitezke eta, horiez gain, edonork egin dezake kirola. Betiere aire zabalean, gehienez 6 pertsonako taldeetan eta udalerriko mugen barruan.
- Kultura.
Antolatzeko beharrezko neurriak betez eta baimenak errespetatuz, kultur-ekitaldiak egin daitezke.
- Noiz arte egongo da herria eremu gorrian?
Covid-19aren eragin tasa 500/100.000tik jaisten den arte.