Albisteak
Atzealdea

Amaitu dute herriko plazako obraren lehen fasea

Pello Estanga alkatea: "Inaugurazio ekitaldi ofizialik ez dugu egingo; egitasmoa herritik sortu zenez, herriak erabiltzea da inauguraziorik egokiena”.

2021·09·30


Martxoan hasi zituzten Anoetako herriko plaza berritzeko lanak, eta aste honetan amaitu dute lehen fasea. Horrela, atonduta geratu da espazio berria eta dagoeneko erabilgarri dute herritarrek. Eremu berriak aukera emango du denetariko ekitaldiak egiteko, besteak beste, plazako bi eremuen arteko irisgarritasuna bermatzen baitu. Gainera, komun publikoak ere berritu egin dira genero ikuspegia kontuan hartuta; horiek ere dagoeneko zabalik eta erabilgarri dituzte anoetarrek. Hori horrela, aurrez ezarritako helburuak betetzen ari da obra: irisgarritasuna bermatzea eta espazio publikoak txertatuta izatea genero ikuspegia.

Pello Estanga alkatea gogobeteta azaldu da obrarekin: “Parte-hartze publiko bidez erabaki genuen plaza berritzea eta, orain, amaitu da lehen fasea. Inaugurazio ekitaldi ofizialik ez dugu egingo, herritarrek aukeratu zuten eta horiek estreinatuko dute. Egitasmoa herritik sortu zenez, herriak erabiltzea da inauguraziorik egokiena”.

Lehen faseko lanak amaitu badira ere, plaza oraindik ez dago bukatuta. Bigarren epean estalki berdea jarriko diote, eta baita landaredia ere, izan ere, gaur egun lur-eremuak diren tokietan zuhaitzak eta bestelako landareak jarriko dituzte. Estalkia jartzeari dagokionez, ezinbestean datorren urtean egitea aurreikusten dute; asmoa urte bukaeran egitea zen, baina tramiteak luzatu direla-eta, zertxobait geroago jarriko dute estalkia.