Albisteak

Atzealdea

Altsasuko gazte auzipetuekiko elkartasunez, mozioa onartu du Udalbatzak plenoan

Altsasun urriaren 15ean gertatutako egitateen eta hauen ondorioen inguruko mozio bat onartu zuen Udalbatzak, elkarbizitzarekiko konpromisoa berretsiz

2017·07·27


Atzo, uztailak 26, Anoetako Udalbatzaren Osoko Bilkura burutu zen. Bertan, besteak beste, Altsasun urriaren 15ean gertatutako egitateen eta hauen ondorioen inguruko mozio bat onartu zuen Udalbatzak, elkarbizitzarekiko konpromisoa berretsiz.

Hona hemen, onartutako testua:

Joan zen urriaren 15ean Altsasuko taberna batean gertatutako egitateen aurrean, non bi guardia zibil eta haien bikoteak zauritu ziren, zein gertaera hauetatik eratorri diren ondorioak ikusirik, Anoetako Udalak bakearekiko eta elkarbizitzarekiko bere konpromisoa berresten du eta erabateko desadostasuna agertzen du aztertutako egitateak terrorismotzat kalifikatzearekin, gazte auzipetuei neurrigabeko zigorrak ekarri baitiezaizkieke.

Hilabete hauetan zehar, makina bat izan dira Euskal Herri osoan izan diren elkarretaratze, manifestazio eta mota guztietako ekitaldiak zeinetan pertsona, eragile zein instituzioek auzi honen baitan ematen ari den izugarrizko proportzionaltasun eza salatu dute.

Epealdi honetan, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako instituzio nagusiek, tartean Nafarroako Parlamentuak zein Eusko Legebiltzarrak argi esan dute gertatuak ezin direla terrorismo ekintzatzat kalifikatu, kode penalaren 573. artikulupean, eta ondorioz Nafarroan instruitu eta epaitu beharko litzatekeela.

Orain gutxi ere, Madrileko Gorte Orokorretako 74 diputatu zein senatarik, Europako Parlamentuko 52 diputatuk eta Hego Euskal Herriko 83 alkatek auziarengatik euren kezka agertu dute.

2017ko uztailaren 4ean jakin da zein eskaera egin duen Estatuko Fiskaltzak auzipetutako gazteentzako, 62 urte eta 6 hilabeteko eskaera gazteetako batentzat, 50 urte sei gazteentzat eta 12 urte eta 6 hilabete zortzigarrenarentzat. Zuzenbidezko Estatu batean onartezina litzatekeen neurrigabekeria.

Guzti honengatik Anoetako Udaleko Osoko Bilkurak honakoa onartzen du:

 

ERAKUNDE-ADIERAZPENA:

  1. Anoetako Udalak erabateko desadostasuna adierazten du Fiskalaren zigor eskaeren aurrean, eta kezka handia adierazten du gertaeren bilakaerarengatik, kasua neurrigabekeria eta bidegabekeria onartezin batera heldu dela ikusita.

  2. Anoetako Udalak konpromiso irmoa adierazten dute elkarbizitzarekiko, justiziarekiko eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekiko, zuzenbidezko estatu demokratiko baten berezko printzipioak direlako, eta adierazten dute kasu hau inguratzen duen neurrigabekeria normaltasun eta elkarbizitza demokratikoen aurkakoa dela.

  3. Anoetako Udalak Nafarroako Probintzia Auzitegiaren motibazioa babesten dute egitateak terrorismotzat kalifikatzeko zantzuak ez daudela dioenean, eta, beraz, berresten duenean Altsasun joan zen urriaren 15ean gertatutako egitateen izapideak egiteko eta epaitzeko eskumenak Iruñeko epaitegiena izan behar lukeela.