Adi eta so! Eraso matxisten aurkako behatokia sortu dute Anoetan
2021·03·23
ADI eta SO! eraso matxisten aurkako behatokia sortu dute Anoetan. Udalak, Anoetako Herri Ikastolak eta herriko emakume taldeek osatu dute elkarlanean, eta emakumeek jasaten duten indarkeriari aurre egiteko koordinazioa du helburu. Protokoloa osatzeko prozesuan kontuan hartu dituzte hainbat gako eta aztertu egin dute gaia nola bideratzen den hainbat esparrutan: juridikoan, polizialean, hezkuntzan, udaleko gizarte-zerbitzuetan... Horretarako, harremanetan jarri ziren Ertzaintzarekin eta Anoetako zein Tolosako osasun-zentroekin, baina Covid-19a dela-eta, ezin izan dute atal instituzional hori behar bezala garatu; osasun-egoera normalizatzen denean espero dute esku artean hartzea berriro. Protokoloa joan den martxoaren 15ean onartu zuen udalbatzak.
Izan ere, protokolo honek aurrekariak ditu. 2018an lanketa egin zuten herriko jai batzordearekin indarkeriaren sustraiez hausnartzeko, prebentzio-neurriak aztertzeko eta herriko festetan eraso bat gertatuz gero, erantzun publikoa nola bideratu zehazteko.
Orain, erasoen aurkako behatoki eta protokolo honekin berretsi egin dute gizarte parekideago bat osatzeko nahia. Emakumeek jasaten duten indarkeriari aurre egitearekin batera transfobiari, lesbofobiari eta homofobiari ere aurre egingo diete.