Albisteak
Atzealdea

2021eko aurrekontua onartu du Udalbatzak

Gizarte-ongizate sailean hobekuntzak egiten jarraituko da, azken urteetan ekindako bideari jarraituz

2020·12·30


Abenduaren 29an osoko bilkura ospatu zuen Anoetako Udaleko Udalbatzak. Bertan, besteren artean, 2 adierazpen instituzional onartu ziren, EH Bildukoen aldeko eta EAJkoen aurkako bozkekin:

1) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema, arreta-sare publiko antolatu gisa defendatzeari buruzkoa.

2) Anoetako Udalean Eusko Jaurlaritzari Udalentzako ez ohiko funtsa berezi gehigarria eskatzekoa.

Osoko bilkurako gai nagusiari buruzko erabakia ere hartu zen, hala, 2021 urterako aurrekontua onartu zen, EH Bilduko kideen aldeko botoekin, EAJ abstenitu egin zen.

Iazko aurrekontuarekin konparatuta zertxobait igo da datorren urte honetarako aurrekontua, hala, 2.424.000€koa izango da.

 

Gizarte-ongizate zerbitzuak indartzen jarraituko da

Anoetako Udalak azken urteetan daraman ildo berari jarraituz, Gizarte-ongizatea sailean hobekuntzak egiten jarraituko du 2021ean ere. Herritarren ongizatea eta bizi baldintzek arduratzen gaituzte eta Udalaren bitartekoak ongi antolatuta ditugu beharrezko erantzunak emateko. Lehen ere sail hau hobetzeko hainbat pauso emanak dira; besteren artean, bulego berria prestatu zen eta teknikariaren laguntzaile bat ere kontratatu zen.

Orain, zerbitzua osatzeko helburuarekin, Gizarte-ongizate saileko teknikariaren lanaldia %20 igoko da eta lanaldi osoko lanpostua izatera pasako da horrela. Honek, sail honetan eskaintzen den zerbitzuaren garapenarekin jarraitzea ahalbidetuko dio Udalari.

 

Ingurumenarekiko babes urratsak

Lurralde Departamentuaren barnean, Hirigintza, Landa Garapena eta Ingurumena sailak daude kokatuta eta iazkoan, pertsonal gastuak izan ziren igoerarik handienak alor honetan. Behin pertsonala izanda, ingurumenarekiko harremanean eta babesean urratsak ematen jarraituko da. Hala, partida berriak sortuko dira:

- Energia berriztagarri eta garbien garrantziaz ohartuta, udal eraikinen kontsumoak aztertu eta sistematizatu egingo dira.

- Erreka eta ibaiak garbtzeko 2000€

- Hondakinen bilketa gastuen igoerari aurre egiteko, %10eko igoera.

 

Parekidetasunari lagundu egingo zaio

Emakume eta gizonen arteko parekidetasunean urratsak ematen jarraitzeko ardura hartua du Udal honek aspalditik. Herritarren sentsibilizazioan eta bestelako ekimenen antolakuntzak egin ahal izateko, %80ko igoera egingo da, lehengoari eutsiz eta 12.000€ko partida berri bat sortuz.

 

Euskara, Kultura eta Gazteria sailetan aurrekontua mantenduko da

2020an sortu zen Gazteria saila, herriko haur eta nerabeen aisialdi eta baloreetan eragiteko asmoz, Gaztelekuaren sorrerarekin. Azken urteetako apustua izanda honakoa, erabiltzaileen eskaerei erantzunez eta gure herriko etorkizuna bizia izateko helburuarekin. Iazko aurrekontu bera izango du sail honek.

Euskararen sailak ere iazko aurrekontu bera izango du. Eta ohi den moduan, diruz lagunduko dira euskara klaseak eta euskara sustatzeko ekimen zein elkarte ezberdinak.

Kulturako aurrekontua ere mantendu egingo da, eskaini ohi dire ikastaroei eutsiz eta kultura eskaintzarekin. Covid19ak eragina izan du kultura munduan, baina orain birpentsatzea egokituko da.

 

2021 urterako inbertsioak

Udalak urte honetan zehar hainbat inbertsio egitea aurreikusten du, auzoetako irisgarritasuna, bideen konponketak, ondarearen berreskurapena, kale garbiketa eta beste zenbait gaien inguruan.

Hona hemen aurreikusten diren inbertsioak:

- Etxebizitza hutsak merkaturatzeko aukerak abiatzea

- Herriko ondarea berreskuratzea: Modestoenea eremua erosi eta babestea

- Ateaga Elkartearen eta Igerabide kalearen arteko pasealekua irekitzea

- Kaleak garbitzeko barredora elektriko baten erosketa

- Liburutegirako hainbat liburu erostea

- Udaletxeko artxiboa egokitu

- Landa bideak konpondu, irisgarritasuna hobetu eta inbentariatu

- Udaletxeko teilatua konpondu