135 dei egingo ditu Udalak herriko adinekoen berri jakiteko
2021·02·16
Joan den astean adinekoei telefono deiak egiten hasi ziren Anoetako Udaleko gizarte langileak. Herrian, guztira, 75 urte baino gehiago dituzten 135 pertsona daude eta horien heren bat bakarrik bizi da. Covid-19a dela-eta sortutako egoeraren aurrean, pertsona horien beharrak ezagutzea du helburu dinamikak.
Udalak hasieratik nabarmendu du gizarte-ongizate zerbitzuak indartzea dela haren helburuetako bat: joan den urtean teknikariaren laguntzailea kontratatu zuten eta aurten saileko teknikari lanpostua lanaldi osokoa izatera pasatzeko asmoa dute. Bide beretik, telefono deien xedea da herriko hirugarren adinekoen momentuko beharrak ezagutzea eta horien jarraipena egitea. 75 urte baino gehiago dituzten 135 biztanle ditu Anoetak eta bakarrik bizi dira horietako 43. Deiak jasotzen lehenak bakarrik bizi diren horiek izango dira eta, jarraian, gainerakoak.
Herritarren egoeraren berri jakin ondoren, gabeziei konponbidea bilatzeko dinamika ezberdinak prestatuko dituela ere jakinarazi du Udalak.
Pello Estanga Anoetako alkateak zaintzaren beharra nabarmendu du: “Aurrerapauso bat eman behar dugu eta horretarako tresna praktikoak eskaini nahi dizkiegu herritarrei, egunerokotasunean dituzten beharrei erantzuteko. Egoera gogorra da, baina guztion artean aurrera egingo dugu”.