“Oso aberasgarriak izan dira auzotarrekin egindako bilerak”
2022·03·17
“Oso aberasgarriak izan dira auzotarrekin egindako bilerak. Irudipena dut jendeak zalantzak argitu dituela, eta sentitu duela kontuan hartu dela haien iritzia”, horrela hitz egin du Pello Estanga alkateak auzotarrekin egindako bileren inguruan.
Irisgarritasuna hobetzeko lanak egin nahi ditu udalak herriko bi gunetan, hain zuzen, Isasti, Hozpel zein Etxaburu kaleetan eta Errotaldea auzoan. Proiektua martxan jarri aurretik, ordea, auzotarrek zein iritzi duten jakiteko bina bilera egin dituzte gune bakoitzeko herritarrekin. Lehen saioetan lanen nondik norakoak azaldu zituzten, eta iritzia jasotzeko galdetegia banatu; bigarrenetan, berriz, auzotarren ekarpenak jaso eta geratzen ziren zalantzak argitu zituzten.
Herritarren ekarpenak kontuan hartu ditu udalak, eta aurreikusten du datozen hilabeteetan amaituko dela lanen aurreproiektua. Behin hori eginda, asmoa da proiektua aurten lizitatzea. Estangak azaldu du ez duela baztertzen beste bilera bat egiteko aukera: “Behar izango balitz, zabalik dago auzotarrekin beste bilera bat egiteko aukera”.
Anoetako udalean dagoeneko ohitura bilakatu da edozein egitasmo martxan jarri aurretik herritarrekin biltzea. Azken bilera horien emaitzarekin ere pozik azaldu da alkatea, haren hitzetan, benetan baliagarriak eta eraginkorrak direlako.