Albisteak
Atzealdea

'Irakin' proiektuak irabazi du kiroldegiko sukaldearen esleipena

Iñigo Estangak 'Irakin' proiektuaren nondik norakoak azaldu ditu; urte amaierarako martxan jartzeko asmoa du.

2021·09·22


Duela hilabete batzuk adierazi zuen asmoa udalak Abraham Olano kiroldegian sukalde bat egokitzeko. Esleipen-prozesua amaitu da, eta ebatzi dute Iñigo Estangaren Irakin proiektua dela aproposena. Estangaren asmoa da obradore bat zabaltzea bertako ekoizleen produktuekin elikagaiak prestatzeko eta merkaturatzeko. Urte luzez sukaldean aritu da lanean, eta obradorea hark bildutako bizipenen, irakaspenen eta ilusioen gorpuztea da; urte amaierarako zabalik eta martxan jartzeko asmoa du. 

Nola funtzionatuko du obradoreak?

Sukaldea, funtsean, tresna bat da bertako ekoizleen produktuak erregistratzeko, ontziratzeko eta kanpora banatzeko; janaria prestatu eta bertan salduko da. Baina hori baino askoz gehiago ere bada: bertako elikagaiak biltzeko eta eraldatzeko laborategia izango da. Sukaldea topaleku bat izango da ekoizleentzat, eraldatzaileentzat eta kontsumitzaileentzat. Heziketa-tresna moduan ere funtzionatuko du, ekimen ezberdinak sortzeko eta garatzeko. 

Zein ekarpen egingo du herrian?

Janaria prestatu, ontziratu eta saldu egingo dugu; eta litekeena da banaketa ere egitea. Herrian ez dagoen zerbitzu berri bat sortuko du, zeinak bertako ekonomia zirkularra sustatuko duen. Inguruko ekoizleak biltzeko elkargunea izango da, eta herrian bertan ekarpena egingo du elikadura osasuntsua sustatzearen alde bere aletxoa jarriz guztion heziketa-prozesuan. Era berean, elkartu egingo da Anoetan dagoeneko martxan dauden ekimenekin eta bat egingo du herriaren hazkundearekin; beti ere ikuspuntu jasangarri batetik. 

Irakin zer da zuretzat?

Islada bat da, gorpuzte bat. Urte luzetako bilaketa-prozesuan jasotako esperientziei, sentsazioei, galderei eta ilusioei forma ematea eta guzti horretatik proiektu bat sortzea. Izandako oztopoen, kezken beldurren eta aurreiritzien gainetik, ogibide bati bizimodu-izaera ematea eta ekarpena egitea nire buruari, herriari eta etorkizunean etorriko denari.

Zein balio ditu sukaldeak?

Herritarren ongizatea sustatzea, eta ingurumenaren eta gizartearen oreka. Elikadura garrantzitsua da osasunean eta heziketa-prozesuan, eta helburua da guztiok horretaz jabetzea eta sustatzea. Helburu dugu, baita ere, oreka bermatzea sukaldea osatuko duten eragileen artean: ekoizlea, eraldatzailea eta kontsumitzailea. Produktuak irisgarriak izatea nahi dugu, herritar guztientzat; eta, era berean, ekonomia zirkularra bultzatzea. 

Pello Estanga alkateak ere bat egiten du bertakoa sustatzearen aldarriarekin: “Anoetako Udalarentzat erronka handia da tokikotasunetik ekonomia zirkularraren eta ekonomia ekologikoaren oinarriak bultzatzea eta helburu horiek lortzeko praktikak indartzea. Tokiko elikadura osasuntsuaren aldeko apustuak halabeharrez biltzen ditu balio hauek”.

Ez da apustu berria, izan ere, 2018. urtean hasi zen “Bertakoa Bertatik” kanpaina, zeinak helburu zuen tokiko elikadura katea indartzea, besteak beste, bertako elikagaiak ekoiztea, merkaturatzea eta kontsumitzea. Hausnarketa baten ondorioz sortu zen, ikusita azken urteetako gizartearen bilakaerak itzalean eta gainbeheran jarri dituela tokiko elikagaien ekoizpena eta, baita herrietako merkataritza txikia ere. Hari horri tiraka, beste hainbat helburu ere baditu kanpainak, horien artean, bertako ekonomia bultzatzea, paisaiari eustea, ingurumena zaintzea, herritarren osasuna hobetzea, euskal kultura zein nortasuna indartzea eta produktu bakoitzaren atzean dauden pertsonen duintasuna bermatzea.

Guzti horren elkargune da kiroldegian sukaldea jartzeko proiektua, eta ekimena aurrera eramateko, beharrezkoa da haren beharretara egokitutako espazio bat sortzea; zeharkako onurak ere izango ditu, herriko ekonomia dibertsifikatzea eta lan aukera berriak sortzea, kasu. Horregatik, Abraham Olano Kiroldegian espazio bat egokituko da sukalde moduan, elikagaiak prestatzeko, aurkezteko eta merkaturatzeko. Espazio horren kudeaketa-esleipena lehiaketa publiko bidez egin da eta beharretara gehien egokitutako proiektua aukeratu dute.

Helburuak praktikara eraman ahal izateko, udalak baldintza tekniko zehatzak jarri ditu:

  • Hasiera batean, urte guztian zehar erabiltzen diren produktuen %60 150 kilometroko erradioan ekoitzia izango da, baina hiru urteren buruan %75era iristeko konpromisoarekin. Helburua ahalik eta ehunekorik handiena erabiltzea izango da.
  • Urte guztian zehar erabiltzen diren produktuen %10 Tolosaldeko udalerrietako elikagaiak izango dira.
  • Lehengai bat baino gehiago duten elaborazioen artean, 150 kilometroko erradioan ekoizten direnak osagai guztien %50 baino gehiago izan beharko dute.
  • Ahal den neurrian, Euskal Herriko elikagai ekologikoak lehenetsiko dira.