Noticias
Atrás

ZÜR studio: “Anoetako udalak konfiantza erakutsi eta aukera eman digu proiektu hau egiteko”

Herriko plazako diseinua egin duen arkitekto estudioa da ZÜR; Tolosan dute bulegoa.

30·09·2021


ZÜR studiok egin du herriko plazaren diseinu berria. Tolosan dute bulegoa eta hiru arkitektok osatzen dute taldea: Isaura Rodriguez Azpiroz, Leire Malcorra Renovales eta Nahikari Calleja Moreno. Anoetako plazaren proiektuari buruz hitz egin dute Callejak (argazkian eskuinean) eta Malcorrak (argazkian ezkerrean).

Zertan oinarritu zarete plazaren diseinu berria egiteko?

Herriko plazak zituen beharrak asetzea izan da helburua. Diseinuaren abiapuntuan genero ikuspegia izan dugu uneoro; garrantzia handia eman diogu plazaren irisgarritasuna hobetzeari ere, esaterako, hainbat ibilbide ditu zati berriak (eskailerak, arrapalak…), zeinak egokiak izango diren adin eta genero guztietako herritarrentzat.

Muga bisualak kentzea zen beste xede bat, horrela, bi espazioen arteko lotura garbiagoa baita. Estetika aldetik harmaila-egitura mantendu dugu; Anoetako plazako ezaugarri bereizgarria dira harmailak, eta oso esanguratsuak dira diseinuan. Bi zatien arteko sintonia mantentzeko eta kotak berdintzeko ere balio du.

Zein material erabili dituzue?

Zola jarraia jarri nahi genuen, ekonomikoagoa eta erosoagoa baita; hori lortzeko hormigoi desaktibatua aukeratu genuen, material ezberdinak jasaten baititu. Hormigoia osatzeko kanto miranda harrixkak eta legar zuria erabili ditugu, horrela plaza ezberdintzeko eta argitsuagoa izateko. Horrez gain, birziklatutako beira ere badu zoruak; esan gabe doa bermatuta dagoela beira leunduta egotea, beraz, milimetro baxukoa da eta ez du punta zorrotz arriskutsurik.

Alemaniatik dator beira erabiltzeko ideia. Eraikuntzan berrerabilpena sustatzea dute helburu, eta baita materialei bigarren bizitza bat ematea ere. Herrialde hartan hainbat enpresa daude material gogorrak (harriak, beira…) leundu eta egokitzen dituztenak horrelako proiektuetarako.

Azkenik, egurra ere erabili dugu plaza goxatzeko. Pertsonek kontaktua duten tokietan jarri dugu, hau da, eserlekuetan eta barandetan. Eskudelen egitura, berriz, metalezkoa da.

Plazak zein ezaugarri ditu?

Tamainaz, guztira, 900 eta 1000 metro karratu artean ditu: 46 metro luze, eta 25 metro zabal. Altuerari dagokionez, puntu baxuenetik garaienera bi metro eta hamar zentimetroko malda du. Egiturak, berriz, hainbat zati ditu: sei eskailera-tarte, sei arrapala eta lurzorua, jakina.

Nolakoa izan da zuentzat proiektu hau egitea?

Itzela izan da. Udalekin lan egitea ez da erraza estudio txikientzat, normalean betetzeko hainbat baldintza zail jartzen dituztelako. Anoetako udalak, berriz, konfiantza erakutsi eta aukera eman digu proiektu hau egiteko. Guretzat oso pozgarria da, proiektu publikoek gu ezagutarazteko ere balio baitute. Gainera, oso gustura aritu gara lanean udaleko lantaldearekin; eta ondo moldatu gara, baita ere, beste enpresekin eta obra-nagusiarekin.