Noticias
Atrás

MintzaPoza praktikatu Izen-ematea irekita

Dagoeneko eman daiteke izena, eta epea zabalik egongo da ikasturte osoan. Doakoa da izen ematea eta udaletxean egin daiteke.

24·09·2021


Ikasturte hasierarekin batera, Mintzalagun egitasmoaren izen emate kanpaina aurkeztu dute aste honetan Alegian. Kurtsoari begira Mintzalagun talde berriak sortuko dituzte, aurretik martxan zeuden askok eta askok jarraituko dute, eta astero euskara praktikatzeko elkartzen direnen sareak ehuntzen jarraituko dute. Orain, uda ondoren, bidelariak eta bidelagunak astero biltzen hasiko dira. Izan ere, asteroko hitzorduei ekingo zaie berriro, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz. Berriz mintzapraktika egiteko bilduko dira mintzalagunak, elkar zainduz eta erantzukizunez.

Dagoeneko zabaldu dute izena emateko epea, eta ikasturte osoan egongo da irekita. Erabat doakoa da izen ematea, eta mintzalagunean parte hartu nahi dutenek herriko udaletxera edota Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzara jo beharko dute. Bestetik, online emateko izena ere badago labur.eus/tolosaldea_mintzalaguna webgunean.

Mintzalaguna euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordu betez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean... euskaraz aritzeko, euskaraz bizitzeko. Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Mintzalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.