Noticias
Atrás

Lurzati gehiago atonduko dituzte baratze-parkean

Guztira 35 lursail daude gaur egun; baratzeak erabiltzeko eskaerak direla-eta, gehiago egokituko ditu udalak.

20·10·2021


Gaur egun 35 lur-zatik osatzen dute Anoetako baratze-parkea eta guztiek dute erabiltzaile bat. Herritar gehiagok eskaera egin dute lurzati bat izateko eta, egun, itxaron-zerrendan daude horiek. Eskaera horiek asetzeko udalak baratze-parkea handitu eta lur-eremu berriak egokituko ditu.

“Oso ondo funtzionatzen du baratze-parkeak; eta erabiltzaileak oso gustura daude. Lurrarekin harreman zuzena garatzeko balio du, eta herritarrek ere elkartasun- eta lankidetza-sare bat osatu dute haien artean”, horrela hitz egin du Pello Estanga alkateak baratze-parkearen inguruan. Gogobeteta azaldu da egitasmoak duen jardunarekin zein norabidearekin, eta gogora ekarri ditu ekimenaren zenbait helburu, besteak beste, garaiko produktuen sentsibilizazioa, nekazaritzaren gerturatzea, aisialdi aktiboa sustatzea eta ingurumenarekin harreman zuzena garatzea.

Autokontsumoa eta baratzezaintza ekologikoa dira herriko baratze-parkearen oinarriak. Kutxaren ekoguneko baratze parke sarearen barruan dago Anoetakoa ere, eta edozein unetan egin daiteke izen-ematea edo eskaera lur-eremu bat izateko. Herriko baratze-parkean aukera dago lurra lantzeko tresneria partekatzeko; horrez gain, denetariko ikastaroak eta eskaintza bereziak ere antolatzen dituzte.