Noticias
Atrás

Kiroldegiaren espazio batean sukaldea jartzeko aukera

Sukalde horretan elikagaiak prestatu, bildu eta merkaturatu egingo dituzte; tokiko elikadura osasuntsua suspertzea helburu.

11·06·2021


Anoetako Udalarentzat erronka handia da tokikotasunetik ekonomia zirkularraren eta ekonomia ekologikoaren oinarriak bultzatzea eta helburu horiek lortzeko praktikak indartzea. Tokiko elikadura osasuntsuaren aldeko apustuak halabeharrez biltzen ditu balio hauek.

Bide horri jarraika, espazio berri bat sortzea erabaki da, zeinak, batetik, helburu izango duen herriko ekonomia dibertsifikatzea eta lan aukera berriak sortzea; eta, bestetik, egokitu egingo den herritarren kontsumo ohituretara. Hori lortzeko Abraham Olano Kiroldegian espazio bat egokituko da sukalde moduan, eta bertan elikagaiak prestatu, aurkeztu eta merkaturatu egingo dituzte. Espazio horren kudeaketa lehiaketa publiko bidez egingo da. Esleipen prozesua bukatzen denean, lehiaketa irabazi duenarekin adostuko dira obraren nondik norakoak. Ekainaren 22a da proiektuak aurkezteko azken eguna.

Anoetako Udalarentzat azken urteetako lan ildoak izan dira ekonomia zirkularra eta ekonomia ekologikoa. 2018. urtean Bertakoa Bertatik kanpaina hasi zuen tokiko elikadura katea indartzea xede: elikagaien ekoizpena, merkaturatzea eta kontsumoa. Hausnarketa baten ondorioz sortu zen proiektua, ikusi baitzen azken urteetako gizartearen bilakaerak itzalean eta gainbeheran jarri dituela tokiko elikagaien ekoizpena eta, baita herrietako merkataritza txikia ere. Hori dela eta, konpromisoa hartu eta dinamikak jarri ziren martxan helburu izanik bertako ekonomia bultzatzea, paisaiari eustea, ingurumena zaintzea, herritarren osasuna hobetzea, euskal kultura zein nortasuna indartzea eta produktu bakoitzaren atzean dauden pertsonen duintasuna bermatzea.