Udalak inbertsio ahalegin handia egin nahi du Isasti, Hozpel zein Etxaburu kaleetan eta Errotaldea auzoan
16·11·2021
Edozein proiektu martxan jarri baino lehen Anoetako udalak ohitura du herritarrekin biltzeko, eta, horrela, bere asmoak azaltzen dizkie auzokideei eta zuzenean jasotzen ditu euren ekarpenak. Datorren urtean herritarren beharrak asetzen jarraitzeko hainbat proiektu egin nahi ditu udalak, horien artean, herriko hainbat auzotan irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea eta aisialdi-gune berri bat sortzea.
Egitasmo horien harira jarriko dituzte martxan partehartze-prozesuak Anoetako zenbait gunetan, hain zuzen, Isasti, Hozpele, eta Etxaburu kaleetan eta Errotaldea auzoan. Plazako obrarekin batera, inbertsio handienetako bat bideratu nahi du udalak aipatu proiektu horietara. Pello Estanga alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela herritarren iritzia kontuan hartzea: “Edozein proiektu martxan jarri aurretik herritarrekin biltzea garrantzitsua da oso. Horrela euren iritzia jakin dezakegu eta hori kontuan hartuta diseinatu egitera goazena. Hori egitea ohitura bihurtu du Anoetako udalak, eta oso aberasgarria da guztiontzat”.
Dena ondo bidean partehartze-prozesuak hilabete honetan jarriko dituzte martxan, eta gutxi gorabehera otsaila bitarte iraungo dute. Esan bezala, bi egitasmo landuko dituzte: Isasti, Hozpel eta Etxaburu kaleetan zein Errotaldea auzoan irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea – eta bidez batez ur-horniduraren zein saneamenduaren hodiak berritzea–; eta Ikastolaren eta Laxarbe Errekaren artean aisialdi-gune berri bat egitea.
Jarraian dauden irudietan ikus daiteke nola geratuko liratekeen kaleak zein auzoa irisgarritasuna hobetzeko lanak amaitutakoan:
Hozpel:
Errotaldea sarreratik:
Isasti aparkalekuarekin:
Etxaburu: