Hurbilekoa zaintzearen garrantzia
19·05·2021
“Naturatik gero eta gehiago aldentzen aritu gara. Oso garrantzitsua da haurrak gelatik ateratzea eta ingurumenarekin harremanetan jartzea; naturara gerturatzea”, horrela hitz egin du Anoetako Pello Estanga alkateak baso-eskolen inguruan. Ingurumena lantzeko hainbat dinamika ditu martxan Udalak eta horietako bat dira baso-eskolak.
Anoetako Herri Ikastolarekin batera ari da bultzatzen proiektua, eta metodologia horretarako beharrezko egokitzapenak ere egin dituzte, besteak beste, irakasleentzako formakuntza finantzatu du eta Ikastolarentzat eskuragarri jarri ditu Udalaren lursailak. Ikastetxearen kanpoan espazio berri bat ere atondu du: sei mahai jarri ditu ikasleek eskolak aire librean jaso ditzaten.
Estangak azaldu duenez, azken urteetan gizartea naturatik aldenduz joan da, eta beharrezkoa iruditu zaie lurrarekin eta lurraldearekin harremanak berreraikitzea. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute naturarekin zuzeneko harremana izateak zuzenean eragiten duela haren zaintzan. Horixe da Anoetako Udalaren apustua: lurrarekin harreman estua izango duten herritarrak heztea.
Hari berari tiraka, Udalaren eta Ikastolaren arteko elkarlana indartu dute Agenda 2030 dinamikaren bitartez: ikasturte osoan lanketa egin dute “Ikastetxe iraunkorrak, herri iraunkorrean” gaiaren bueltan. Egitasmoaren barruan, bilera egingo dute Ikastolako haurrek eta Anoetako alkateak. Ostiral honetan izango da eta bi zati izango ditu: lehenik ikasleek pleno-aretoan azalduko dituzte ikasturtean egindako hausnarketa eta landutako proposamenak; ondoren, berriz, herriko plazara joango dira burututako lana herritarrei azaltzeko. Ostiralean abiatuko dute kanpaina indartzeko herriko merkataritza zein tokiko elikadura, eta murrizteko plastikoaren erabilera; horretarako erosketa-poltsa jasangarriak banatuko dituzte.