Hobekik alegazioak eta eskaerak aurkeztu dizkio Jaurlaritzari hondakinen kudeaketa-plana hobetzeko
30·07·2021
Proposamena Hernanin aurkeztu zuen atzo Hobeki Elkarteak: bederatzi alegazio eta eskaera ezberdinak prestatu ditu Eusko Jaurlaritzak ekarpen horiek kontuan hartu ditzan.
Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 12an argitaratu zuen 2030eko Hondakinen kudeaketa- eta prebentzio-plana. Hori aztertu du Hobekik, eta alegazioak prestatu ditu, plana hobetzea xede. Hobeki elkartea Euskal Herriko hainbat udalek osatzen dute (horien artean, Anoetako Udala), eta hondakinen kudeaketa hobetzea sustatzeko sortutako tokiko erakundeen sarea da.
Eusko Jaurlaritzak prestatu duen planaren indarguneak nabarmentzea eta hutsuneak betetzea helburu, lau saiotan elkartu ziren hainbat ingurumen teknikari eta udal ordezkari. Lan horren ondorioz, bederatzi alegazio eta hainbat eskaera osatu ditu Hobekik, eta Hernanin aurkeztu zituen atzo.
Eskaerak hurrengoak dira: Euskal Autonomia Erkidegoan pixoihalak birziklatzeko aukera ezartzea; plangintzan gailuen 'konpontzeko eskubidea' sartzea; ekoizlearen erantzukizun zabaldua ezartzea; gailu elektronikoentzat ere aurreikustea; gurpiletan, metaletan eta abar zirkulartasuna bultzatzeko neurria sustatzea; eta plan horrek Ekonomia Zirkularraren EAEko planarekin nola egingo duen bat zehaztea.