Noticias
Atrás

Herriko plaza eraberritzeko lanak egingo dira datorren urtean

Erein programaren bitartez 171.000 euroko diru laguntza jaso du Anoetako Udalak proiektu hau burutzeko

20·11·2020


Anoetako Udalak parte hartze prozesua jarri zuen martxan 2018. urte amaieran plazan estalpe bat jartzeko egokitasunaz erabakitzeko. Adostasun zabala erakutsi zuten herritarrek baina bidean behar berriak azaleratu zitzaizkien. Proiektua idazten ari zen Nahikari Calleja herritarrak proposamen berri bat ekarri baitzuen. Plazako bi mailak berdintzeak plazari beste aukera bat eskainiko ziola ikusi zen orduan eta irisgarritasun aldetik ere egokiagoa izango zela. Lan horiek, aurreikusitakoa baina gastu handiagoa ekarriko zutela onartuta, apustua egitea erabaki zuen Udalak.

 

Honela, bada, Anoetako Udalak datorren urtean egingo ditu herriko plaza eraberritzeko lanak. Gaur egungo plazaren eta futbol zelaiaren artean dagoen koska berdindu, irisgarritasuna hobetu, komunak berritu, materiala gordetzeko espazio bat egokitu eta plazaren alde batean estalpea jarriko da. 490.000 euroko inbertsioa egingo du udalak eta kopuru horri aurre egiteko 171.000 euroko laguntza jaso du, Eusko Jaurlaritzak landa eremuak sustatu eta garatzeko entitate publikoei zuzendutako Erein laguntzen barruan.


Behin lanak amaitzen direnean, gaur egun Anoetako plazan bereizita ageri diren bi espazioak lotuta geratuko dira. Izan ere, plaza egin zutenean behin-behinekoa zena urte luzeetan geratu da horrela eta orain izango da inguru hori egokitzeko momentua. Plazatik futbol zelairako irisgarritasuna oso txarra baita, alde batera eskailerak eta beste aldera arrapala arriskutsu bat daude. Lan hauekin metro eta erdiko koska hori berdindu egingo da.
Plaza eraberritzeko proiektua, Zür studio. Zurezko eraikuntza, arkitektura eta hirigintza jasangarri eta inklusiboan lan egiten duen arkitektura estudioak idatzi du. Udaletik, gazte hauen aldeko apustua egitea erabaki da, gainera bertako kide baita aurrez aipatutako Nahikari Calleja.

Orain idatzitako proiektua errealitate bihurtzeko garaia izango da. Lanak 2020an egiteko aurreikuspena bazegoen ere, pandemia tarteko, epeak atzeratu egin dira. Gainera, estalpea elizaren ondoan joango denez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Historiko-Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuaren baimena behar zen lanak hasteko. Gai honengatik ere atzeratu dira lanak, baina gauzak ongi bidean 2021eko lehen hilabeteetan ekingo zaio lanei.

Datorren azaroaren 23an ohiko osoko bilkuran plaza eraberritzeko proiektuaren obrak egiteko baldintza pleguak onartuko dira eta hilabeteko epean proposamenak jaso ondoren, lanak urtarrila amaieran esleituko dira. Proiektuak osotasunean izango duen gastuaren zati handi bat %35 inguru, Eusko Jaurlaritzatik jasotako diru laguntzarekin estaliko da. Finantziazioan laguntzeko, beste diru laguntza batzuetara ere aurkeztuko du proiektua udalak.