Genero indarkeria eta eraso sexisten aurkako protokoloa egingo dugu
13·03·2018
* Tolosaldeko Ataria egunkaritik jasotako berria
Sekula ez dute eraso sexista larririk izan Anoetako festetan. Baina horrelako bat gertatuko balitz nola jokatu zehazten duen protokoloa landuko dute datozen asteetan. Farapi kooperatibak dinamizatuko du parte hartze prozesua, non udal ordezkariekin batera herriko eragileek parte hartuko duten.
Anoetako Udalak parekidetasunaren arloan duen konpromisoaren berri ematen du prozesuak eta behin protokoloa onartuta «zirkulua itxi» egingo dutela jakinarazi du Josune Eizmendi Parekidetasun zinegotziak. Hezkuntza mailan eta beste hainbat arlotan garatu dituzten proiektuak osatzera baitator indarkeria matxistaren aurkako protokoloa.
Iaz, esate baterako, festa parte hartzaile, euskaldun eta parekideak izateko irizpideak zehaztu zituzten, Farapi kooperatibaren laguntzaz. Eizmendik esan du, udaberriko prozesua «jabekuntza eskola» bat izan zela parte hartu zuten eragile eta herritarrentzat.
Aurretik, neurri gutxi batzuk hartuak dituzte udal ordezkariek indarkeri matxista kasuei erantzuteko. «Zinegotzi batzuen telefonoak pasa izan dizkiegu tabernariei, zerbait gertatuz gero abisua pasa dezaten. Baina orain eman beharreko pausoak eragileekin batera konpartitu nahi ditugu eta ondo zehaztu», esan du Izaskun Jauregi Kultura zinegotziak.
OSTALARIAK PARTE
Lehen bilera, atzo arratsaldean egin zuten udaletxean eta hemendik aurrera beste hiruzpalau egingo dituzte, uda aurretik protokoloa prest egon dadin. Festa gunean izaten dira eraso matxista gehienak eta horregatik prozesuan parte hartzera gonbidatu ditu udalak, bai herriko ostalariak eta baita brigadako kideak ere. «Une horietan, begirada neutroago bat izan dezakete eta formakuntza haientzat ere interesgarria izango da», esan du Eizmendik.
Ez da indarkeria matxistaren aurkako neurri prebentibo sorta bat izango, protokoloak eraso horietako bat gertatuko balitz aktore bakoitzak udalak, txosna batzordeak, eragileek, herritarrek nola jokatu zehaztuko du. Anoetako Udalak argi du, gainera, indarkeria matxistaren jomuga ez direla emakumeak soilik, «homosexualak, transexualak, etorkinak... eta oro har bazterreko horiek aintzat hartu nahi ditugu, pertsona erdigunean jarriz».