Noticias

Atrás

Bertakoa bertatik kanpaina aurkeztu dugu

Baserri biziak eta denda biziak, herri bizi baten alde

14·06·2018


Irailetik hona aritu da Anoetako Udala herriko baserri eremuaren azterketa egiten. Baserrietako jarduna zenbaterainokoa den eta nolakoa den aztertzen. Hamarkadak dira Anoetak nekazaritza eta abeltzaintzan bakarrik oinarritutako herri izateari utzi zionetik, geroztik, bestelako ekonomia jarduera batzuetan oinarrituz hazi baita herria. Baina horrek ez du gutxitzen herriko nekazaritza eta abeltzaintzaren garrantzia. Herri erdigunetik haratagoko begirada bat landu nahi izan da urtebete honetan, herria bere osotasunean, lurralde ikuspegitik aztertu eta baserri inguruneak duen indarra argitara atera nahi dugu. Horretarako ezin da lanketa baserritarrekin soilik egin, beharrezkoa iruditzen zaigu herritar guztiekin egitea. Horregatik, baserriak eta herria lotzeko zer hobea elikagaietan begirada jartzea baino.

 

Herritarren kontsumo ohituretan eragin nahi duen kanpaina aurkeztera gatoz gaurkoan: “Bertakoa Bertatik”. Ahoratzen ditugun elikagaiak hautatzeak dituen ondorioez jakitun izatea ezin bestekoa dela iruditzen zaigu. Ez gara norbere osasunaz soilik ari. Bertako elikagaien atzean, herriko biodibertsitatea eta paisaia daude, bertako haziak eta animalia arrazak, hurrenetik datozen elikagaien garraioaren kutsadura gutxitzea, plastikoaren erabileraren gutxitzea eta, nola ez, elikagaiak hauek ekoizten dituztenen duintasuna.

Anoetan ez dugu asteroko azokarik, baina gurea bezalako herri txiki baterako merkataritza esanguratsua dugu. Herriko dendak dira herritarren eta ekoizleen arteko zubi-lana egiten dutenak eta horregatik dira kanpaina honen ardatza. Gaurtik aurrera herriko dendetan identifikaturik izango ditugu herrian ekoitzitako produktuak. Badakigulako, baserriak bizirik behar ditugun bezalaxe, herriko dendak ere bizirik nahi ditugula. Herriko ekonomiagatik, baina baita herritarren arteko harreman eremu direlako eta tokiko kontsumo ereduak bultzatu nahi ditugulako ere.

Gaur egunean eragiteaz gain, etorkizunean ere jarria dugu begirada. Horregatik, udalaren lanketa honen berri eman genien Ikastolako ikasleei eta botatako erronkari ederki erantzun zieten. Maiatzean antolatu genituen baserrietako bisitek harrera bikaina izan zuten eta bisita haiek irakatsi ziguten herritarren artean badela gogoa herria eta baserrien arteko zubiak eraikitzeko. Badakigu Ikastolan daudela etorkizuneko kontsumitzaileak, baina baita ekoizle eta saltzaileak ere.

Kanpainaren leloak dioen bezala, baserri biziak eta denda biziak nahi ditugu herri bizi baten alde.