Aurtengo Korputs Jaiak bertan behera
02·06·2020
(Argazkian, iazko kuadrilla eguna. ATARIA)
Covid19-ak eragindako egoera dela eta, Anoetako Udalak herriko gainerako eragileekin batera 2020ko herriko Korputs jaiak ez ospatzea erabaki du. Horregatik, herritarroi arduraz jokatzeko eskatzen dizuegu. Jakitun gara jaiek herriko identitatea osatzeko duten garrantziaz, egun hauek direlako denok elkarrekin gozatzeko uneak. Aurtengoan ez da Kukuaren jaitsierarik izango, ez danbor-hotsik, toka txapelketarik, gazteen dantzarik edo erromeriarik, baina saiatuko gara, egoerak ahalbidetzen badu behintzat, ekitaldi ezberdinak urtean zehar egiten. Izan ere, herriko jaiek gure nortasunean duten garrantziaz gain, kultura eragile eta sortzaileentzat ere ezinbesteko plaza dira eta hauekiko dugun konpromisoak ardura hori hartzera garamatza.
Penaz hartutako erabakia da, baina arduraz jokatu behar dugula uste dugu. Hori bera eskatzen diegu herritarrei ere, egoera honetatik lehenbailehen atera ahal izateko. Argi dugu anoetarrontzat hau ez dela eten bat izango. Egoera honek alor askotan eman digu zer pentsatua eta festen gaia ere ez da salbuespena. Horregatik, har dezagun urte hau herritarron arteko sareak indartzeko eta etorkizunean antolatuko diren herriko festa eta ekitaldien antolakuntzari gogotsu heltzeko.
Ziur gaude, berandu baino lehen, izango dugula aukera Anoetak berea duen ilusio eta umore hori elkarrekin partekatzeko. Gora Korputsak, gora Anoeta!
Testuarekin bat egin duten herri eragileak:
Anoetako Udala
Kuku Elkartea
Ateaga Elkartea
Kuku Pilota Elkartea
Su-Berri Pilota elkartea
Anoekate Kirol Taldea
Anoetako talogileak
Kukuak Kantuz
Loatzo Musika Eskola
Anitz dantza Taldea
Alkartasuna Jubilatuak
Anoetako Herri Ikastolako
Anoetako Herri Mugimendua