Noticias
Atrás

Aurten zerbitzuak ugaritzeko egindako apustua mantendu eta berriak egiteko asmoa azaldu du udalak

Aurreko astelehenean udaleko osoko bilkura egin zuten eta, besteak beste, 2022rako aurrekontu orokorra onartu zuten.

01·12·2021


Joan den astelehenean egin zuten udaleko osoko ohiko bilkura, eta, besteak beste, datorren urterako aurrekontu orokorra onartu zuen udal taldeak. Guztira 2.853.950 euroko aurrekontua izango du udalak 2022an, aurreko urtekoa baino %15 handiagoa. Pello Estanga alkateak azaldu du urtea amaitzeko hilabete falta den honetan, garbi dituela datorren kurtsorako lehentasunak: “Anoetarren ongizatea bermatzea izango da helburu nagusietako bat. Horrez gain, asmoa dugu herriko ekonomia bultzatzeko eta klima-aldaketa gerarazteko ekimen eraginkorrak sustatzeko”.

Hain zuzen, datorren urtera begira udalak mantendu egingo du gizarte-zerbitzuetan aurten egindako inbertsioa; eta, bide beretik, dirulaguntzak ere bermatuko ditu udaletik kanpoko hainbat erakunderentzat. Horrez gain, udalaren lehentasunen artean daude klima-aldaketa geldiarazteko egitasmo eraginkorrak bultzatzea, eta herriko ekonomia zirkularra garatzeko neurriak hartzea. Inbertsioei dagokienez, berriz, herriko hainbat auzo eta kale zaharberritzeko asmoa du udalak, helburu izanik gune horietan irisgarritasuna bermatzea eta oinezkoei lehentasuna ematea.

Aipatutakoaz gain, hainbat mozio ere onartu zituen udal taldeak joan den asteleheneko bilkuran: batetik, Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak Interes Publiko Goreneko Proiektuen figura jasotzearen aurrean, udala aurka dagoela adostu zuten, besteak beste, toki-eremuko autonomia eta demokrazia urratzen dituelako, udalei ez baitzaie aukerarik ematen lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituzten erabilerak mugatzeko; bestetik, Azaroaren 25eko emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguneko adierazpena ere onartu zuten; eta, azkenik, abenduaren 3ko, hots, euskararen nazioarteko eguneko adierazpena ere onartu zuten.