Noticias
Atrás

Anoetako herri-bideen sarea osatu dute

Herri-bideen inbentarioaren behin-behineko proposamena urtarrilaren 3ra arte egongo da ikusgai udaletxean.

24·11·2021


Anoetako herri-bideen inbentarioa osatu du Conchi Uriarte nekazaritza-ingeniariak, eta behin-behineko proposamena aurkeztu du. Udalak joan den martxoan jarri zuen abian prozesua, eta hainbat helburu zituen lanketak, horien artean, bide bakoitzari lege-izaera propioa aitortzea eta horien erabilera arautzea.

Pello Estanga Anoetako alkateak nabarmendu du herriaren ondare baliotsua direla bideak: “Balio handiko kultur ondasuna dira herri-bideak, izan ere, horietatik joaten ziren herrira baserrietatik eta kanpoaldeko auzoetatik. Hori dela-eta, garrantzitsua eta beharrezkoa izan da bide horiei ofizialtasuna aitortzea eta lege-izaera ematea”.

Inbentarioak lege-balioa ematen die bide horiei, eta, besteak beste, arautu egiten du noren eskumena diren mantenu-lanak eta zein garraiobidek erabil ditzakeen. Guztira hogei herri-bide identifikatu ditu Uriartek inbentarioan eta hainbat informazio-iturri erabili ditu horretarako: lehenik, herritarren ahozko lekukotzak bildu ditu; ondoren, berriz, informazio hori dokumentu ofizialetan kontrastatu du, kasurako, eskrituretan, eta Udalaren zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren erregistroetan.

Proposamena ikusgai

Behin-behineko proposamena urtarrilaren 3ra bitarte izango ikusgai da udaletxean: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 13:00etara, hirugarren solairuko Ingurumen-bulegoan. Horrez gain, udala zuzenean jarri da harremanetan herriko berrogei lurjaberekin aukera izan dezaten alegazioak aurkezteko. Uriarterekin hitzordua jartzeko aukera ere zabaldu du, eta, horretarako, ezinbestekoa da aurretik ordua hartzea 943 65 12 00 telefonora deituz, edo ingurumena@anoeta.eus helbidera idatziz.