Anoetako euskara erabilerari buruzko hausnarketa prozesu herritarra
19·10·2017
Anoetako Udalak, herritarren parte-hartzea eskatzen duen hausnartze prozesu bat da jarri nahi du abian, euskararen erabilerari buruz.
Laugarren aldia da Anoetako Udalak hizkuntza erabileraren kale-neurketa egin duena, Soziolinguistika Klusterraren laguntzarekin. 2001ean egin genuen lehen aldiz, eta, harrez gero, bost urtez behin egin ohi dugu neurketa. Horrek eman digu bilakaera ezagutu ahal izateko eta hizkuntza-aldaketak gertutik jarraitzeko aukera.
Kale-neurketaren emaitzek erakutsi digute herrian, pixkanaka, euskara gero eta gutxiago entzuten dela. Arrazoiak askotarikoak izan daitezkeen arren, kontua da, 15 urtetan igoerarik ezagututa ere, une honetan elkarrizketen %57,7 bakarrik direla euskaraz Anoetako kaleetan.
Bereziki kezkatu gaituzte haur eta gazteen erabileraren beherakadak eta pertsona nagusien erabilerak zenbatean egiten duen behera haurrak presente ez daudenean.
Anoetako Udalaren egitasmoan funtsezkoak dira euskara indartzea eta Anoeta euskararen arnasgune izaten jarraitzea. Emaitzak jakin orduko konpromisoa hartu genuen emaitza hauek aztertzeko eta hausnarketa egiteko herriko hainbat eragilerekin batera. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu abiatzera goazen prozesu hau denon artean egitea; denon herria delako, denon erabileraren emaitzak direlako, eta denok egin beharko dugulako ahalegina, egoera aldatu nahi badugu.
Beraz, herritarrak animatu nahi ditugu Uemarekin batera antolatutako parte-hartze saioetara etortzera, guztion iritzia jaso nahi dugulako.
Tailerrak azaroaren 4an eta 18an egingo dira, goizeko 10:30ean eta bi orduko iraupena izango dute.
Tailer parte hartzaileen helburuak euskarak herrian duen egoera aztertzea eta erronka berriak zein diren zehaztea dira. Herritar guztiei irekia dago: herriko eragileak, gurasoak, norbanako interesdunak, ostalariak, gazteak, ikasleak, etab. Guztien iritziek eta ekarpenek dute garrantzia, horregatik herritar guztiak animatu nahi ditugu saioetan parte hartzera.
Hausnarketa prozesu horretan, hainbat galderari erantzuten saiatuko gara:
-
Gure herrian euskararekin gertatzen ari dena, gure herrian bakarrik ari al da gertatzen?
-
Udalerri euskaldun askotan antzeko joerak ari dira azaltzen. Zergatik?
-
Zer egin beharko litzateke euskararen erabilera areagotzeko
-
Eta guk zer egin dezakegu?
Herriko egoeraren diagnostikoa egin eta gero, aurrera begirako pausoez hitz egingo da. Tailerrean bildutako kideek erabakiko dute lehentasunezko urratsak non eman behar diren eta aukeratutako eremu horietan zer egin daitekeen. Horretarako ibilbide orri bat markatuko da eta aurrera begirako pauso nagusiak zehaztuko dira.
Horrez gain, gaztetxoekin bakarrik saio bat egingo da, garrantzitsua baita beraien iritzi eta pertzepzioak jasotzea. Bertan bildutako ideia nagusiak helduen saioetan kontuan izango dira.
Bukatzeko, erronkari erantzuteko zein baliabide dauden aztertuko da eta aurrera begira nola garatuko den zehaztu ere.
Parte hartze prozesu honetan, Galtzaundik ere parte hartuko du. Alde batetik, Anoetan bertan ekarpenak egiteko, eta bestetik, Anoetako esperientzia hau beste herrietara eramateko. Eta bide horretan, Anoeta, beste herrientzako eredu izan daitekeela uste dute.
Galtzaundi Euskara Taldeak eskualdera zabaltzea erabaki du eta bere helburuekin bat egiten du herritarrekin aurrera eramango den prozesu parte hartzaile honek; herritarrak aktibatzea alegia.